Araba

Garazi Arrula eta Julen Gabiria, haur eta gazte literaturako lanen euskarazko itzulpen onenen Gasteiz sarien irabazle

Gasteizko Udalak 30 bat jarduera antolatu ditu Euskararen Nazioarteko Egunaren egitarauaren baitan, besteak beste, antzerkia, tailerrak, magia, bisita gidatuak eta ibilbide naturalistikoak
Garazi Arrula eta Julen Gabiria, haur eta gazte literaturako lanen euskarazko itzulpen onenen Gasteiz sarien irabazle.
Garazi Arrula eta Julen Gabiria, haur eta gazte literaturako lanen euskarazko itzulpen onenen Gasteiz sarien irabazle. / Utzitakoa

Haur eta gazte literaturako lanen euskarazko itzulpen onenen Gasteiz sarien 23. edizioak Garazi Arrula Ruizen eta Julen Gabiria Lararen lanak saritu ditu. Udal Euskara Zerbitzuak antolatutako sariek 9.000 euroko diru hornidura dute kategoria bakoitzean.

Hain zuzen, Gasteizko Udaletik jakinarazi dutenez, Garazi Arrula Ruiz saritu dute haurren kategorian, André Carrilho egile eta ilustratzailearen 'A menina com os olhos ocupos' lanaren itzulpenagatik, 'Begiak beste nonbait duen neskatxa' izenburupean.

Era berean, Julen Gabiria Lara izan da irabazlea gazteen kategorian, Joe Sacco idazle eta komikigile maltarraren 'Footnotes in Gaza' lanaren itzulpenagatik, euskaraz 'Gazako oin-oharrak' izenarekin argitaratua.

23 ediziotan zehar, Udal Euskara Zerbitzuak haur eta gazte literaturako lanen 50 itzulpen aitortu ditu, eta aurten 25 lan aurkeztu dira guztira: 16 haurren kategorian eta bederatzi gazteenean. Mario Unamuno Plazaolak, Karlos Del Olmo Sernak, Ainara Ruiz Benitok, Itziar de Blas Fernandez de Gamarrak eta Miren Ibarluzea Santistebanek osatu dute epaimahaia.

"2002an abiatu ziren sari hauen bidez, haur eta gazteen artean irakurzaletasuna sustatzen lagundu nahi dugu, eta, aldi berean, itzultzaileek euskarazko kalitatezko literatura lanak haiengana hurbiltzeko egiten duten funtsezko lana aitortu", zehaztu du Maria Nanclares Euskara zinegotziak.

Gasteiz sarien aurtengo banaketa ekitaldia abenduaren 3an egingo da, Euskararen Nazioarteko Egunarekin batera, 12:00etan, Izaskun Arrue Kulturgunean.

EGITARAUA

Bestalde, Gasteizko Udalak 30 bat jarduera antolatu ditu Euskararen Nazioarteko Egunaren egitarauaren baitan, besteak beste, antzerkia, tailerrak, magia, bisita gidatuak eta ibilbide naturalistikoak. Egitaraua datozen asteetan egingo da eta hiriko eragile euskaltzaleen laguntza izan du.

Hitzordu aipagarrienen artean, Danserie Ensemble taldeak abenduaren 3an bertan San Pedro elizan 20:30ean eskainiko duen kontzertua dago. Euskaltzaindiak antolatuta, ekitaldiak Gasteizko Udalaren eta Gasteizko Elizbarrutiaren laguntza du.

Egun horretan bertan, Izaskun Arrue Kulturguneak familia antzerkiko ikuskizun bat hartuko du, eta jarraian kalejira egingo dute Andre Maria Zuriaren plazaraino. Bertan, euskararen aldeko kandelak piztuko dira, GEU elkarteak bultzatuta.

2026-11-24T18:26:08+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo