Zumarragako Udaleko Gazteria sailak filosofia saioak antolatu ditu, herritarren artean pentsamendu kritikoa sustatzeko. Saioak Pello Biain filosofia irakasleak gidatuko ditu. Lehen saioak asteazkenean, maiatzaren 20an eta ekainaren 17an izango dira. Saio guztiak Zelai Arizti kultur etxean egingo dituzte, 18.30etik 20.30era.
Biharko saioaren izenburua Zergatik haserretzen gara ados ez gaudenarekin elkarrizketan ari garenean? da. Maiatzaren 20an parte hartzaileek Zeintzuk dira pertsona emozionalki adimentsu baten ezaugarriak? galderari erantzungo diote eta ekainaren 17an Zein da gure gizartearen arazo handiena? galderari.
Saio hauetan nahi duten guztiek parte hartu ahal izango dute. Sarrera librea izango da. Helburua herritarren artean pentsamendu kritikoa eta elkarrizketa sustatzea da. “Gezurrek edo osasun mentaleko arazoek inoiz baino beharrezkoago egiten dute pentsatzen eta modu hausnartuan hitz egiten ikastea. Edukiaz harago, elkarrizketa askotan azkartasuna eta konfrontazioa nagusi diren testuinguru sozialean, saio hauek elkarrizketa pausatu eta arrazoituaren balioa berreskuratu nahi dute”, adierazi du Iñaki Mendiluze Zumarragako Gazteria zinegotziak.
Ildo horretatik, Mendiluzek proiektuaren atzean dagoen gizarte dimentsioa azpimarratu du. «Informazio asko jasotzen dugun garaian bizi gara, baina ez dugu beti hori aztertzeko tresnarik. Senekak esaten zuen ez dagoela aldeko haizerik norabiderik ez duenarentzat. Informazioarekin ere hala gertatzen da: informazio asko dugu, haize asko, baina askotan norabiderik gabe ibiliko bagina bezala gabiltza”.
Proiektua ez da hutsetik abiatzen. 2015etik, Biainek modu informalean antolatu izan ditu udako hilabeteetan Zumarragan kafe filosofikoak. Orain, proposamen hau egituratutako programazio batekin sendotzen da, jende gehiagorengana iritsi eta adin eta profil desberdinetara egokitzeko. “Ez da beharrezkoa aurretiko ezagutzarik izatea; pentsatzeko eta giro lasaian baina zorrotzean elkarrizketan aritzeko prestutasuna baino ez da behar”, azaldu du Biainek.
Jarduera hauen bidez, gaitasunak lantzen dira. Maila intelektualean, ideiak epaitu aurretik aztertzeko gaitasuna sustatzen da, baita arazoak agerian uzteko galderak proposatzeko gaitasuna ere. Arlo psikologikoan, entzute aktiboa edo elkarrizketan zehar emozioak kudeatzea bezalako trebetasunak garatzen dira. Eta gizarte eremuan, pertsonenganako errespetua, iritzi desberdinen bizikidetza eta elkarrizketa gizarte kohesiorako tresna gisa erabiltzea indartzen da.
Onurak eguneroko bizitzan aplika daitezke: erabakien hartzea hobetu, argiago komunikatu, gure pentsamenduak egoera berrietara egokitu... “Zumarragako Udaletik gazteen arreta psikologikorako laguntzak bultzatu ditugu, osasun mentalaren garrantziaz jabetuta gaudelako. Tailer hauek ahalegin hori osatzen dute, pentsamendu kritikoa lantzea sentitzen duguna nola kudeatzen dugun eta besteekin ditugun harremanak zaintzea ere badelako”, gehitu du Zumarragako Udaleko Gazteria zinegotziak.