Araba

Euskarazko gazte sorkuntza bultzatzeko Batera deialdia abian da

Euskarazko gazte sorkuntza bultzatzeko Batera deialdia abian da. / Utzitakoa

Batera euskarazko proiektu kulturalak bultzatzeko deialdia bueltan da beste urte batez Lazarraga Kultur Elkarteak kudeatzen duen Gasteizko Izaskun Arrue Kulturgunean (IAK), Gauekoak programarekin elkarlanean. Deialdia 16 eta 30 urte arteko gazteei zuzenduta dago, baldin eta Gasteizen edo Araban bizi, ikasi edo lan egiten badute, eta helburua euskaraz sortutako kultur proiektuak sustatzea da.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, edozein diziplina edo formatutako proposamenak aurkez daitezke, betiere euskarazko sorkuntzan ekarpena egiten badute. Proiektuak aurkezteko epea apirilaren 26ra egongo da zabalik.

Batera deialdiak ekimen kultural jakin baten garapenari diruz laguntzeko helburua du, Internetek eskaintzen duen 'crowdfunding' aukera baliatuz; liburu bat argitaratzea, jaialdi bat antolatzea, app bat sortzea, podcast bat martxan jartzea, erakusketa bat egitea, bideo jolas bat garatzea, euskarazko lelodun kamisetak egitea edota sare sozialetarako edukia sortzea izan daiteke.

Deialdiak gazte euskaldunek euskaraz garatutako kultur proiektuak hartzen ditu kontuan, eta kulturaren arloan gauzatzeko edozein ideia baloratuko da. Bereziki, euskararen erabileran eragina izango duten, gazte euskaldunen sustatze ahalmena indartuko duten eta euskararekiko atxikimendua sendotuko duten proposamenak izango dira kontuan.

Aurkeztutako proposamen guztien artean, bi proiektu hautatuko dira, eta deialdiari buruzko informazio guztia, parte hartzeko baldintzak, aurkezteko modua, hautaketa prozesua, laguntza ekonomikoak eta ' crowdfunding '-aren funtzionamendua https://iak.eus/ekitaldia/batera-kultura-proiektuak-elkarrek... estekan dago eskuragarri.

Lazarraga Kultur Elkarteak eskerrak eman dizkie egitasmo honetan bidelagun duen Gasteizko Udalari, baita egitasmoan konfiantza jarri duten eragile ezberdinei ere, hala nola proiektuaren babesle nagusia den Vital Fundazioari, laguntzailea den Laboral Kutxari, eta ALEA, Berria, EITB-Radio Vitoria eta Diario de Noticias de Álava hedabide laguntzaileei.

05/03/2026