Astigarraga aldizkariak euskarari eskaini dio aurten atal nagusia. Astigarragako aldizkariaren arduradunek azaldu dutenez, aspaldidanik zuten gai hori lehen lerroan jartzeko asmoa, eta aurtengo edizioa egokiena iruditu zaie urrats hori egiteko.
Euskara geurea izenburupean, aldizkariak euskararen inguruko hausnarketa zabala jaso du. Editoreen hitzetan, azken urteetan euskararen erabileraren beherakada, hizkuntzaren aurkako oldarraldi antolatuak eta arnasguneen galera bezalako kezkak agertu dira; aldi berean, pizkundea, biziberritzea eta herritarren aktibazioa bultzatzen dituzten dinamikak ere indartu dira. Horren aurrean, "esnatzea" dela beren hautua azpimarratu dute, euskararen aldeko konpromisoa berritzeko lehen urrats gisa.
'Astigarraga 2026' aldizkariko portada
Hori dela eta, aldizkariaren zati handi bat hizkuntzari buruzko edukiek hartzen dute. Bertan bildu dituzte euskararen diagnosia, jarduera-plana eta herritarren eskura dauden baliabideak. Horrez gain, adituen eta herriko elkarteen ekarpenak, Astigarragako hizkera bereziari buruzko testuak, euskalkiaren inguruko bertsoak eta Jon Aleman Realeko entrenatzaileak euskararekin izan dituen bizipenak ere jaso dituzte.
Petritegi sagardotegiaren 500. urteurrena
Euskarari eskainitako atalaz gain, 76 orrialdeko edizioak herriaren historiari eta eguneroko bizitza sozialari lotutako artikulu ugari ere baditu. Besteak beste, Petritegi sagardotegiaren 500. urteurrena eta Joxe Joakin Otaño sagardogilearen ibilbidea jorratzen dira. Halaber, Argindegi Zar baserriaren historia, baserrietako emakume esne-saltzaileen lana eta burruntziei zein sorgin-orratzei buruzko artikulu bitxia ere aurki daitezke.
Aldizkariak elkarrizketa ugari ere bildu ditu aurtengo zenbakian. Horien artean daude Eduardo Aguado farmazialariari, Patas atabalariari, Malen Barrenetxeari eta Alberto Arizkorretari egindako solasaldiak.
Argitalpenaren arduradunek nabarmendu dute urteko aldizkaria herritar askoren lan boluntarioari esker egiten dela. Era berean, Tximelaren eta Kutxabanken ekarpen ekonomikoa eta Astigarragako Udalaren laguntza ere azpimarratu dituzte, lankidetza hitzarmenaren bidez jasotzen baitute babesa.
Bestalde, herriarekin duten komunikazioa indartzeko asmoz, elkarteak bere webgunea berritu duela jakinarazi du. Diseinu eta egitura erakargarriagoa emateaz gain, edukien zabalkundea erraztea izan da helburua. Sare sozialetan ere jardunean jarraitzen dute, @astigarragaaldizkaria kontuaren bidez.
Aurtengo alea uztailaren 10etik aurrera eskuratu ahal izango dute herritarrek. Goxua, Valella eta Ogiberri okindegietan, baita Maika kafetegian ere, banatuko dute aldizkaria. Ohi bezala, alea jasotzean borondatezko ekarpen ekonomikoa egiteko aukera izango da, edizioaren gastuak ordaintzen laguntzeko.