Bizkaia

Euskara ikasteko eta gidabaimena euskaraz ateratzeko dirulaguntzak Bermeon

Azaroaren 2ra arte aurkeztu ahalko dira eskaerak Berhaz bulegoan edo telematikoki; euskara ikastaroengatik 500 eurora arteko laguntzak jaso daitezke eta gidabaimena euskaraz egiteagatik 150 eurokoak
Deialdi bietan izena emateko azken eguna azaroaren 2a izango da / Bermeo Autoeskola

Euskararen erabilera bizitzako esparru guztietara zabaltzeko eta herritarrei bidea errazteko konpromisoan beste urrats bat egin du Bermeoko Udalak. Euskara Sailak zabalik dauka dagoeneko udalerriko bizilagunei zuzendutako bi laguntza-lerro nagusietarako eskaera epea: euskara ikasten ari direnentzako dirulaguntzak eta gidabaimena euskaraz prestatu nahiz azterketa hizkuntza honetan gainditu dutenentzako laguntzak. Deialdi bietan izena emateko azken eguna azaroaren 2a izango da, eta izapideak Berhaz bulegoan bertan edo udal atari telematikoaren bidez egin daitezke. Euskara ikasteko laguntzen helburu nagusia matrikularen kostua oztopo izan ez dadin lortzea da. Horretarako, Udalak 2025-2026 ikasturtean zehar edo udako ikastaroetan homologatutako euskaltegi zein barnetegietan helduentzako euskalduntze eta alfabetatze saioak egin dituzten bermeotarren ahalegina babestuko du.

Onuradunek Bermeon erroldatuta egon beharko dute, ikastaroa amaituta izan eta gutxienez orduen %80ko asistentzia egiaztatu beharko dute. Ikasle bakoitzak 300 eurora arteko laguntza jaso ahalko du ikastaro bakoitzeko, eta gehienez 500 eurokoa hainbat ikastaro egin dituztenen kasuan. Gainera, egoera ekonomiko ahulenean dauden herritarrei babes handiagoa emango zaie: Oinarrizko Errenta edo Gizarte Larrialdiko Laguntzak jasotzen dituztenei matrikularen %70eraino estaliko zaie; langabezian daudenei, berriz, %60raino; eta gainerako ikasleei %50eraino. Gainera, udal dirulaguntza hauek guztiz bateragarriak dira HABEk ematen dituen laguntzekin.

Gidabaimena ere euskaraz

Bestalde, gazte zein helduek euskara mugikortasunaren eta gaitasun pertsonalen eremuan ere erabil dezaten, Bermeoko Udalak 150 euroko laguntza emango die B mailako gidabaimenaren azterketa teorikoa euskaraz prestatu eta gainditu dutenei. Udaletik gogorarazi dutenez, Bermeoko autoeskoletan teorikako liburuak nahiz testak egiteko informatika programak euskaraz eskaintzen dira, azterketa hizkuntza honetan egiteko bide guztiak erraztuz. Hori dela eta, Euskara Sailak herritarrak eta batez ere gazteak animatu nahi ditu erronka honi euskaraz aurre egitera, prestakuntza hori euskaraz jasotzeko gaitasun osoa baitute.

Baldintzak betetzen dituzten eskatzaileek Bermeon erroldatuta egon beharko dute, epea amaitu baino lehen azterketa teorikoa euskaraz gaindituta izan eta Udalarekin zorrik ez izatea egiaztatu beharko dute. Informazio gehiago nahi dutenek Euskara Sailarekin harremanetan jar daitezke 94 617 91 22 telefonoan, euskera@bermeo.eus posta elektronikoan edo www.bermeo-euskaraz.eus webgunean.

10/10/2026