Bizkaia

Euskara erabilera bultzatzeko Eskueran egitasmoak aintzatespenak banatu ditu

Bermeoko, Mundakako eta Sukarrietako hamalau establezimenduk jaso dute aitortza
Astelehenean banatu ziren aintzatespenak / Bermeoko Udala

Astelehen arratsaldean jaso zuten Bermeoko, Mundakako eta Sukarrietako hamalau establezimenduk aintzatespena, arlo sozioekonomikoan euskararen erabilera sustatzeko egindako lanagatik. Eskertza ekitaldia Bermeoko Toki Alai tabernan egin zuten, eta bertan izan ziren hiru udalerrietako alkate eta udal ordezkariak, bai eta Bizkaiko Foru Aldundiko euskara zuzendari nagusia Isaac Amezaga.

Aitortza horren bidez, udalek eskerrak eman nahi izan zizkieten sarituei euskararen alde erakutsitako konpromisoagatik eta eguneroko jardunean hizkuntza bultzatzeko egindako ahaleginagatik. Azpimarratu zutenez, tokiko establezimenduek zeregin garrantzitsua dute herritarren hizkuntza-ohituretan eragiteko, eta haien inplikazioa funtsezkoa da euskararen presentzia eta erabilera indartzen jarraitzeko.

Guztira, 70 establezimendu inguruk parte hartu dute Eskueran egitasmoan, eta ekitaldian gehien nabarmendu diren hamalau negozioak saritu zituzten.

Sarituak hauek izan ziren: Sukarrietako Toña taberna; Mundakako La Leñera taberna, Donde Alejo barria taberna eta Izarzugaza harategia; eta Bermeoko Toki Alai taberna, T Kimua te denda, Balea kafetegia, Mailur lentzeria, GuZuBio denda, Mertzeria 95, Julita lentzeria, Seine ume eta gazteen moda, Amatxu denda eta Gabilondo farmazia.

Ekitaldiaren helburua izan zen egindako lana aitortzea eta parte hartu duten establezimenduei eskertza adieraztea, eta antolatzaileek nabarmendu zutenez, jakitun dira oraindik bide luzea dagoela egiteko —establezimendu batzuetan beste batzuetan baino gehiago—, baina “garrantzitsuena pausoak ematen hastea da”. Ildo horretan, bide onetik doazen establezimenduen lana aitortu nahi izan zuten, eta aldi berean Euskaraz barra-barra ikurra ezagutarazten jarraitu.

Eskueran egitasmoaren bidez, hiru udalerriek tokiko merkataritza, ostalaritza eta enpresetan euskararen erabilera sustatu nahi dute, eta bide horretan tokiko establezimenduek egiten duten lana eskertu eta balioan jarri.

18/03/2026