Buscar
Cultura

“Euskara, beste hizkuntza guztiak bezala, umorea egiteko erabili daiteke”

Barrexerka taldeak ‘Nahastumbury’ ikuskizuna estreinatuko du datorren ostiralean Donostiako Gasteszenan. Sarrera guztiak agortuta daude jada
Donostiako hainbat gaztek osatzen dute taldea
Donostiako hainbat gaztek osatzen dute taldea / Maialen Egaña

Maialen Sorzabalbere (Donostia, 1996) eta Mikel Irazusta (Donostia, 1996) Barrexerka taldeko kide dira, eta euskarazko sketchak, antzerkiak eta bakarrizketak eskaintzen dihardute herriz herri. Taldea 2018an sortu zen, Donostian antzerki munduan zebiltzan zenbait lagun elkartu zirenean. Barrexerkak gazteei umorea euskaraz eskaintzea du helburu. Azaroaren 8an Gaztezsenan "Nahastumbury" ikuskizun berria estreinatuko dute, bira berri bati hasiera emanez.

Nondik dator ‘Nahastumbury’ izena?

Mikel Irazusta: Nahastu hitzarekin zerbait bilatu nahi genuen. Gure prozesuak nahiko kuriosoak dira, adibidez guri izenak n hizkia izatea gustatzen zi-tzaigun.

Maialen Sorzabalbere: Are, ez genuen nahi izenaren deklinabidea kontsonante zail batekin bukatzea. Mila proposamen egon ziren eta konturatu ginen Nahastumbury izenean an-tzerkian eta sketchetan landutako gai ezberdinak sartzen zirela.

Zein da ‘Nahastumbury’-k kontatzen duen istorioa?

M.S: Betiko auzo herrikoi batean lokal bat itxiko dute, eta lokalaren inguruan errepaso moduko bat egingo da an-tzerki osoan zehar. Kontua da bizilagun bakoitzak bere usteak dauzkala: bere oroitzapenak, istorioak, batzuk esango dute besteena asmatua dela… Orduan hor sartuko den zurrunbilo horretan nahaste asko egongo da.

Nahastumbury istorio guztien egia bilatzeko toki gisa definitu duzue. Nondik sortu zen emanaldiaren oinarria?

M.S.: Formatuaren aldetik zerbait ezberdina egin nahi genuen; orduan, lehenengo erabaki genuen zein izango zen emanaldiaren oinarria eta formatua, ondoren horren gainean edukia sortuz.

Egia bilatzeko grina ikuskizunaren abiapuntua dela esango zenukete?

M.S: Egiari ez diogu inolako garran-tzirik eman. Bakoitzak bere hipotesia du eta horrekin aurrera egin dugu, ez dugu inoiz esaten zein den egia.

M.I.: Garrantzia memoria distortsionatzeari edo errealitatea memoria bidez distortsionatzeari ematen diogu; hau da, gure oroitzapenak ez direla berez gertatu diren bezalakoak.

M.S.: baina asmatze horrek bere xarma eduki dezake.

Zeintzuk dira ‘Nahastumbury’ emanaldian jorratzen diren gaiak eta hauen bidez sortu nahi duzuen hausnarketa?

M.S.: Nahastumbury lapiko moduko bat da eta bertan hainbat gauza sartu ditugu: umore absurdoa, Euskal Herriko erreferentzia dezente, baita erreferentzia historiko asko ere. 

Sare sozialetan partekatutako promoetan garai bateko jantziak eta gaure egungoak erabiltzen dituzuela ikus daiteke. Zein asmorekin?

M.I.: Sketchak ez datoz antzerkiarekin bat, sketchak oso independenteak dira. Sketch batzuk egunerokotasunean oinarritzen ditugu, gaur egun erabiltzen dugun arropa jantziz; baina, beste batzuetan, erabat absurdora jotzea gustatzen zaigu. Publikoak hau hobeto ulertzen du testuingurua garai ezberdin batean kokatzen dugunean.

M.S.: Adibidez, viktoriarren garaian oinarrituz 2024ko joera bat parodiatu dugu, polita gelditu dela esan dezakegu. 

Orain arteko erreakzioak kontuan hartuta, nolako harrera espero duzue ‘Nahastumbury’ emanaldiarekin?

M.I.: Hori da beti gertatzen zaiguna: gustatuko zaie, ez…. Beti zalantza horrekin goaz, baina gero asko gustatzen zaiela esaten dute, orduan prozesuan fidatu behar dugu.

M.S.: Asko egiten du ere bai jendea aldez aurreko jarrera onarekin datorrela; jendea gogotsu dator eta horrek ere bai sekulako giroa sortzen laguntzen du. 

Egun ‘Bagoiaz!’ emanaldiarekin jarrai-tzen duzue, monologoak, sketchak eta antzerkia nahasten dituena. ‘Nahastumbury’-rekin ildo berean jarraitu duzue?

M.S.: Bai. Jada lotu ditugu herri ba-tzuetan emanaldiak eta gure asmoa da udaberrira begira ere bai herriz herri beste bira bat antolatzea, Bagoiaz!-ekin egin dugun bezala.

M.I: Formatuari dagokionez, bakarrizketak daude, baina narrazioan bertan txertatuta daude. Bestetik, an-tzerkiak eta sketchek aurrera jarrai-tzen dute.

Badaude euskaraz umorea egitea ezinezkoa edo zailagoa dela esaten dutenak. Hala dela uste duzue?

M.S: Ez. Niretzat kanpotik datorren estereotipo bat da. Kirola euskaraz egiten den bezala, marraztu edo idatzi ere euskaraz egin daiteke.

M.I.: Agian, hori orain arte asko ikusi ez delako ere ere izan daiteke, ez zaiolako leiho askorik eman euskarazko umoreari. Hizkuntza tresna bat da; eta euskara, gainerako hizkuntza guztiak bezalaxe, umorea egiteko erabil daiteke.

Zer da zuentzat umorea?

M.S.: Gauza asko esateko eta gure buruaz barre egiteko tresna bat da, bai gizarte bezala, baita gizabanako bezala ere. Bestelako mezuak transmiti-tzeko modu dibertigarri bat da.

M.I: Niretzat bizitzari kolorea ematen diona da.

Lehenengo bi emanaldien sarrerak agortuak daude. Zuentzat zer suposatzen du honek?

M.S.: Izugarrizko motibazioa, emanaldiak eskaintzen jarraitzeko gogoa ematen digu. Azken finean, jendea ikusteko gogotsu dagoela ikusten dugu eta horrek aurrera jarraitzeko gogoa sortzen digu.

M.I.: Bai, baina baita presioa ere, nahiko urduri gaude. 

Noiz egongo da ‘Nahastumbury’ ikusteko aukera?

M.I: Datorren ostiralean, azaroak 8 izango da estreinaldia Donostian. Ondoren, azaroaren 15ean Zarautzen egongo gara eta 29an, berriz, Beasainen. Euskararen Egunean emanaldia eskaintzeko asmoa dugu, zehaztu gabe egon arren.

2024-11-05T16:59:03+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo