Gipuzkoa

Euskal sustraiak eta etorkizuna, Goierrin laugarrenez

AEBko eta Kanadako 35 gaztek ‘Gaztemunduri Ateak Ireki’ programan izena eman dute; hiru asteko egonaldia egin nahi dute Goierriko familietan
2026ko Ateak Ireki ekimenaren aurkezpena. / Goieki

Laugarren urtez jarraian, Estatu Batuetako eta Kanadako gazteek hiru asteko egonaldia egingo dute Goierriko familietan. 2026ko ekainaren 27tik uztailaren 19ra bitartean gauzatuko da edizio berria, lehen aldiz 'Gaztemunduri Ateak Ireki' lelopean burutuko dena. Izan ere, Eusko Jaurlaritzaren Gaztemundu programak eta Batzen Kultur Elkartearen Ateak Ireki egitasmoak indarrak batu dituzte. Antolatzaileen hitzetan, “elkarlanean eta herri proiektu gisa aurrera eramaten dugun ekimena da”. Urtero legez, bidelagun dira ere Gipuzkoako eta Bizkaiko Foru Aldundiak, Nafarroako Gobernua, Goieki Garapen Agentzia, Etxepare Institutua, Maizpide Barnetegia, Goierriko udalak eta NABO (North American Basque Organization).

Ekimenaren helburua diasporako gazetekin sare iraunkorak eraikitzea da, etorkizunean euskal kulturaren aldeko agente aktibo izan daitezen.

Izen-emateak

Aurten, 35 izan dira Goierrira etortzeko nahia adierazi duten gazteak. Izen-ematea egin dutenen artean, ia erdia Kaliforniakoa da (% 40), eta talde esanguratsu bat osatzen dute Idaho eta Oregon estatuetako gazteek (% 17,14 eta % 14,29). Horiez gain, Utah, Arkansas, District of Columbia, Nevada eta Washington estatuetatik ere jaso dira izen-emateak. Parte-hartzaileen artean Kanadako Ontario eta Quebec probintzietako gazteak ere badaude.

Ateak Ireki programako parte hartzaileak Eusko Legebiltzarrean. Ateak Ireki

Izen-ematea egin duten gazteen adina 18 eta 25 urte artekoa da. Talderik ugariena 18 urtekoek osatzen dute (%25,71), eta ondoren datoz 24 eta 25 urte dituztenak, bakoitza %17,14rekin. Gainerako adin taldeek presentzia txikiagoa dute.

Generoari dagokionez, izen-ematea egin dutenen artean emakumeak dira nagusi: 25 emakumek eman dute izena, eta 10 gizonek.

Lotura genealogikoari begira, %97k adierazi du Euskal Herriko arbasoak dituela. Arbasoen jatorria zehaztu dutenen artean, gehien agertzen diren lurraldeak Bizkaia (%53,12), Nafarroa (%31,25) eta Gipuzkoa (%28,12) dira; ondoren Nafarroa Behera (%9,38), Lapurdi (%6,25) eta Araba (%3,12). Bestalde, etorriko diren gazteen erdiak baino gehiagok adierazi du Euskal Herrian gutxienez bizitzan behin egoteko aukera izan dutela.

Ekintzak

Parte-hartzaileek Goierrin emango dituzten hiru asteetan egitarau oparoa izango dute, euskara eskolak, hainbat irteera eta bertsolaritza, sukaldaritza zein euskal dantzako tailerrak barne. Asteburuak, berriz, familiekin egoteko eta elkarbizitza sustatzeko izango dira.

Goierriko familiak

Antolatzaileek nabarmendu dute familiek funtsezko rola dutela ekimenean. Goierrin bizi den edozein familiak har dezake parte, baldintza bakarra giro segurua eta adeitsua ziurtatzea da, euskara praktikatzeko aukera eskaintzeaz ez ezik.

Gazteek hegaldia eta aseguru medikoa ordaintzen dituzte; familiek, berriz, hiru astez lolekua eta astegunetako gosariak eta afariak, baita asteburuak ere.

Familientzako izen-ematea zabalik dago Ateakireki.eus webgunean.

13/02/2026