Actualizado hace 7 minutos
Gasteizko Udaleko Berdintasun Zerbitzuak 2022an martxan jarritako Etxeko eta Zaintza Langileentzzako Informazio eta Orientazio Zerbitzuak 400 pertsona inguru artatu ditu ateak ireki zituenetik. Gainera, taldeko 23 saio egin ditu guztira.
Ana Lopez de Uralde Gasteizko Berdintasun zinegotziaren hitzetan, "Gasteizko Emakumeen Etxean dagoen doako baliabide honen bidez, etxeko enpleguaren eta zaintzaren arloko langileen eskura informazioa jartzen dugu, beren lan eskubide eta betebeharrei lotutako alderdi praktikoei buruzko zalantzak argitu ahal izan ditzaten: kontratazioa, soldatak, lanaldiak. Gainera, eskaera egiten duen emakume bakoitzaren beharretara egokitutako laguntza eskaintzen dugu. Hori guztia ahalduntze feministaren barruan dago".
Zerbitzuak lan eskubide eta betebeharrei buruzko informazioa eskaintzen die erabiltzaileei, baita udal baliabideei, atzerritartasun izapideei, ziurtagiri soziolaboralen kudeaketari, ikasketen baliozkotzeari eta abarri buruzkoa ere.
Udalak arreta pertsonalizatua eskaintzen du, bai telefonoz, bai aurrez aurre, asteazkenetan, Emakumeen Etxean. Uztailean, ordutegia 11:30etik 13:30era da, eta irailetik aurrera, 17:30etik 19:30era. Aldez aurretik hitzordua eskatu behar da 945 16 13 14 telefonoan edo emakumeenetxea@vitoria-gasteiz.city helbide elektronikoan.
Bestalde, Berdintasun Zerbitzuak ahalduntzerako eta ikaskuntza kolektiborako doako prestakuntza ere eskaintzen du. Saioetan, eskubideak, ekonomia feminista eta horiek defendatzeko tresnak izango dituzte hizpide.
Aurten, ikastaroak 'Zaintzen eta lan eskubideen ekonomia feminista. Etxeko eta zaintzako lana egiten duzu?' izenburua du. Irailaren 12an, 19an eta 26an eta urriaren 3an izango da, eta azken saioaren data oraindik zehaztu gabe dago. 17:00etatik 20:30era egingo da, Emakumeen Etxean. Izen-emateak zabalik daude eta 633 23 53 12 telefonora deituz egin daitezke, irailaren 4ra arte (egun hori barne).
Ikastaroaren guztizko iraupena 16 ordukoa da eta, amaitzean, parte hartu duten emakumeek ikastaroa egin dutela egiaztatzen duen ziurtagiria jasoko dute. Irailaren 12an, zaintzaren eta etxeko lanaren sistema aztertuko dute zaintzaren ekonomia feministatik; hilaren 19an, Familia Etxeko Zerbitzuaren Legea, lan kontratuak, soldatak, laneko denbora, oporrak eta ordaindutako baimenak eta atseden aldiak landuko dituzte; eta irailaren 26an, nominak, laneko bajak, kaleratzea, kalte-ordainak eta kitapena.
Urriaren 3an, larunbatean, barne erregimenaren araberako etxeko eta zaintzako lana eta lanaren autoantolaketa ekonomia sozialetik aztertuko dira. Azken saioa, oraindik data zehazteke dagoena, itxiera saioa izango da, eta bertan ziurtagiriak banatuko dira.