Bizkaia

Etxebarriak prest dauka San Andres jaietako egitaraua, umeen marrazkiak ardatz hartuta

Astelehenean ospatuko dute patroiaren eguna, herri kirol, briska txapelketa eta herri afariarekin, eta abenduaren 6an borobilduko dute
Etxebarria San Andres / Etxebarriko Udala

Datorren astelehena San Andres eguna da eta Etxebarria prest dago bere patroiaren egun handia ospatzeko. Udalak argitara eman du jada 2026ko San Andres jaietako egitarau ofiziala, eta aurtengo kartela herriko txikienen sormenarekin apaindu dute, tartean Manuela Zubizarreta eskola berriari eta txerriei egindako keinu bereziekin.

Ospakizunak astelehenean, azaroaren 30ean, abiatuko dira. Goizeko 11.00etan meza nagusia izango da, eta jarraian, 11.30etik 13.30era, umeentzako herri kirol jokoek girotuko dute herria. Arratsaldean, berriz, karta-jokoen txanda helduko da 16.00etan hasiko den herritarrentzako briska txapelketarekin (izen-ematea 15.50ean zabalduko da, 17 urtetik beherakoen eta 18 urtetik gorakoen kategorietan).

Saioa amaitutakoan, San Andres kartelen lehiaketako sariak banatuko dira, eta ostean herriko umeek afari-meriendaz gozatzeko aukera izango dute. Egunari amaiera emateko, 20:00etan herritarrentzako afaria egingo dute.

Jai giroak, halaber, jarraipena izango du abenduaren 6an, igandean, Euskararen Egunari buruzko ekitaldiarekin. Hitzordua 12.00etan izango da Kultur Aretoan, eta eskolako umeen bertsoak, III. Ipuin Laburren Lehiaketako sari banaketa, jubilatuen kantak eta kopaua izango dira protagonista.