Cultura

Eskua askatzeko, zirriborroa

Idazketan trebatzeko ‘Zirriborro’ topaketan murgilduta daude hogei idazle inguru Donezteben. Sormena lantzeko askotariko baliabideak jorratzen ari dira, kolektiboki, euren arteko sareak ere bai ehunduz
Iaz egindako egonaldiaren irudiak.
Iaz egindako egonaldiaren irudiak. / Zirriborro

Mahai baten gainean paper zuri bat, koaderno bat edo ordenagailu bat. Eta aurrean, idazlea. Bakarrik. Buruhaustez beteta: zer idatzi nahi duen pentsatzen, bere buruari kontakizuna nola hasi behar duen galdezka, zein berba erabili behar dituen, zein ikuspuntu landu, zer idatzi, non kokatu. Buruhaustez betetako uneari irtenbidea eman nahian imajinatu izaten ohi da idazlea, zirriborroak eginez, istorioak josiz, eta egindakoa ezabatuz, berriro hasteko.

Idazketa jardun indibidual gisa ulertzen dela jakitun, baina kolektiboan ere landu beharko litzatekeela iritzita, jardun artistiko hori era kolektiboan lantzeko Zirriborro egitasmoa jarri zuen martxan iaz Iñigo Satrustegik. Izan ere, Zirriborro idazketa eskolaren asmoa da idazleei, edo idatzi gura dutenei, idazketarekin lotutako askotariko baliabideak eskaintzea. Helburu horrekin elkartu ziren iaz 30 lagun Donezteben, zirriborroak egiteko. Izan ere, zirrimarra horietatik ernaltzen dira, gero, ideiak. Eta, aurten, iazko txoko berdinera bidaiatu dute hogei idazle inguruk, eta sormena era kolektiboan lantzen ari dira, denetariko saioekin gozatuz.

Interes pertsonalak eta inguruko jendearen nahiak bultzatuta abiarazi zuen proiektua Satrustegik, baina baita gizartean existitzen zen hutsune bat betetzeko asmoz ere: idazketa lantzeko formazio faltari aurre egitea. “Beste arte diziplinetan nahiko sistematizatuta dago ikasketa prozesua, baina idazketan ez. Bertsolaritzan, esaterako, bertso eskolak dituzte, edo marrazketan, marrazketa eskolak edota Arte Ederretako gradua. Dantzan, antzerkian... denetan dago zerbait. Baina, aldiz, euskaraz idazteko tailerretan pentsatzen hasiz gero, egon badaude, eta betetzen dute euren zeregina, baina urriak dira, eta erkidegoka lokalizatuta daude. Gainera, formazio saioak ez daude horren sistematizatuta”, argudiatu du Satrustegik.

Eta helburu argia dauka: idazketan interesa dutenak trebatzea edota horiei baliabideak eskaintzea, gero proiektu bat egin nahi izanez gero, irizpide batzukizan ditzaten. “Doneztebeko tailerretan eskaintzen diren baliabideak baliagarriak izatea nahi dugu”, onartu du.

EIdazketa prozesua garatzeko formakuntza falta hori, idazlen lana lan bakarti modura ulertzen delako izan daitekeela dio Satrustegik, eta berak, idazketa kolektiboa ere izan behar dela deritzo. “Idazleekiko dugun ohiko irudia bakartia da, baina jende asko ezkutatzen da liburu baten atzean”. 

Beraz, Zirriborrok ere badauka saretzeko asmo hori. Eta, egonaldi hauek idazleen arteko espazio seguruak eraikitzeko beharrezkoak direla uste du. “Askotan, idazten aritzen garenok, ez ditugu gure kuadriletan gure testuei buruz hitz egiteko une aproposak edukitzen, ez gara eroso sentitzen. Zirriborrorekin, interes berbera daukan jendea biltzea lortzen dugu”, dio antolatzaileak. Izan ere, hainbat idazlek elkar ezagutzen dute eta harreman estuak sor-tzen dituzte: “Gure arteko aliantzak sortzen ditugu. Iazko egonalditik abiatuta, esaterako, proiektu ezberdinetan lagundu diogu elkarri”.

Ideiak, proposamenak eta zalan-tzak partekatzeko sarea ehundu dute, eta sarea handitzen ari dira orain. Hitzekin jolasten ari dira, tailer desberdinetan, diziplina ezberdinak landuz, eta idazle bakoitzarengandik ezaugarri ezberdinak ezagutuz: izan ere, idazketak hari mutur asko ditu. “Diziplina ezberdinetatik eta bakoitzaren ezaugarrietatik bakoitzaren zerbaitekin geratzea da bilatzen duguna”, azaldu du Satrustegik.

Zertzelada batzuk eskaintzen ari dira, idazle gazteek eskua aska dezaten. Hori ere bilatu nahi dutelako: eskuak askatzea, zirriborratzea. Horretarako, baina, espazio seguruak behar dira, eta aterpe hori da Doneztebeko aterpetxea: “Jendeak idazten duena partekatzeko beldurra dauka, lotsa, eta hori lantzeko leku egokiak dira honelakoak. Iaz, esaterako,lotsatuta geunden denok, baina denok amaitu genuen idazten ari ginen hori gure artean parteka-tzen. Eta hori oso polita da”.

Konfiantza hori lantzeko tailer ezberdinetan bilduta daude egunotan idazleak, ariketa edo dinamika ezberdinak egiten. Iaz, blokeetan banatu zuten egonaldia: poesia, narratiba, antzerkia... Aurten, baina, genero arteko banaketa ere presente dagoen arren, genero literarioari baino gehiago begiratu dioSatrustegik ikuspuntu ezberdinak bilatzeari.

Denetariko estilo, begirada eta perspektibak lantzen ari dira, beraz. Aniztasuna ardatz hartuta, eskain-tza zabala ondu dute, bertaratu direnek askotariko fokua izan dezaten. Testuak dezifratzen ari dira, horietako batzuk aztertzen, gero, euren estilora, ahotsera, eta moldeetara egokitutako lanak idazteko.

2024-11-06T17:00:02+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo