Errenteriako Udalak Gazte Eguneko egitarauaren xehetasunak aurkeztu ditu. Aurten ere, programazioa Udal Eskola Kontseilu Gaztean jasotako proposamenetatik abiatuta osatu da, gazteek jaien antolaketan eta edukietan parte hartzea sustatzeko helburuarekin.
Aurtengo berrikuntza nagusia Gazte Disko Festa izango da. Uztailaren 24an, 20.00etan, Gernika plazan egingo den ekimenak gazteei protagonismo osoa emango die, bai musika aukeratzerakoan, bai festaren dinamizazioan. Izan ere, emanaldian entzungo den erreprodukzio-zerrenda herriko gazteek proposatutako abestiekin osatuko da, eta parte-hartzaile batzuek DJ lanetan aritzeko aukera ere izango dute.
Ekimenaren helburua da gazteei jaietako programazioaren parte aktibo izateko aukera eskaintzea. Horretarako, Udalak parte-hartze prozesu bat jarri du martxan, herriko gazteek euren gustuko abestiak proposatu ditzaten Gazte Disko Festaren playlist-a osatzeko. Horrez gain, nahi dutenek aukera izango dute eurek proposatutako kanta oholtza gainetik jartzeko eta DJ baten esperientzia zuzenean bizitzeko.
Proposamenak, uztailaren 12ra arte
Abestiak proposatzeko bi bide izango dira. Alde batetik, online egin ahal izango da, Herribizia Instagram kontuaren bidez. Bestetik, aurrez aurre parte hartu nahi dutenek Lekuona Fabrikan eta Aldakonean jarriko diren hautestontzietan utzi ahal izango dituzte euren proposamenak. Parte hartzeko epea uztailaren 12ra arte egongo da zabalik.
Behin epea amaituta, Udalak jasotako proposamen guztiak bildu eta Gazte Disko Festan entzungo den musika-zerrenda osatuko du. Aldi berean, euren abestia oholtzatik jartzeko interesa adierazi duten gazteen artean zozketa egingo da, DJ gisa parte hartuko dutenak aukeratzeko.
Udalak azaldu du irabazleekin parte hartu duten bide beretik jarriko dela harremanetan. Horrela, Instagram bidez egin dutenek sare sozialaren bidez jasoko dute jakinarazpena, eta hautestontzien bidez parte hartu dutenekin, berriz, emandako telefono zenbakira deituta jarriko dira harremanetan.
Ekimen honen bidez, Udalak gazteen parte-hartzea indartu nahi du, jaietako programazioa haien gustu eta interesetara egokituz. Era berean, antolatzaileek azpimarratu dute Gazte Disko Festa ez dela musika entzuteko gune bat bakarrik izango, baizik eta gazteek jaien antolaketan eta garapenean protagonismo zuzena hartzeko espazioa ere.
Horregatik, Errenteriako gazte guztiei deia egin diete ekimenean parte hartzera eta proposamenak bidaltzera, Madalenetako Gazte Disko Festa ahalik eta parte-hartzaileena eta anitzena izan dadin.