Errenteriak artisautzaren aldeko apustua indartu du Azo!ka ekimen berriaren bidez. Udalak sustatutako proiektuak artisautza sektorea kultur eta ekonomia eragile gisa sendotzea izan du helburu. Egitasmoak sektoreko profesionalentzako topaketa bat eta herritarrei irekitako feria uztartu ditu, artisautzaren balioa gizarteratzeko eta sektorearen lehiakortasuna handizeko asmoz.
Azo!karen lehen hitzordua apirilaren 30ean egin zen Agustinak Zentroan, artisautzaren egoera eta etorkizuneko erronkak aztertzeko topaketa profesionalarekin. Jardunaldiak sektoreko adituak, artisauak eta eragileak bildu zituen, berrikuntza, ofizioen transmisioa eta sektorearen etorkizuneko erronkak hizpide izan zituzten hitzaldi eta mahai-inguruetan.
Artisautza azoka
Bigarren ardatza, berriz, maiatzaren 1etik igandera arte Merkatuzarren garatu den artisautza azoka izan da. Hiru egunez, herritarrek artisauen lanak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dute salmenta postuen, zuzeneko erakustaldien eta tailer parte-hartzaileen bidez. Programazioan zume-lanketa edo raku japoniarra bezalako teknikak ikasteko saioak antolatu dira, baita artisautza prozesu ezberdinak gertutik ezagutzeko proposamenak ere.
Egitasmo berri honekin 1979tik Ereintza Elkarteak bultzatutako artisautza azokaren arima berpiztu du. Balioan jarri behar dira Ereintzak antolatutako 39 edizioek herria erreferente bihurtu zutela Euskal Herriko artisautzan. Topagune horiek ez ziren soilik erakusketa edo salmenta gune izan, transmisio eta sorkuntza kolektiboaren espazio izan ziren, aurtengoa bezala.