Actualizado hace 10 minutos
Realzaleak ez direnak sekulako zaparrada pairatzen ari dira azken egunotan, baina bestelako zaparradarik ere bada Urretxun eta Zumarragan: erakusketa zaparrada, hain zuzen ere. Zelai Arizti kultur etxean argi jokoen argazkiak ikus daitezke eta Juan de Lizarazu aretoan zuri-beltzezko argazkiak. Gainera, apirilaren amaieran taila erakusketa inauguratuko dute Zelai Ariztin.
Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean Lords of Light Team erakusketa muntatu du izen bereko taldeak. Talde horretako kideek gauez ateratzen dituzte argazkiak, argi artifizialarekin: koloretako linternak, sua, bazar batean erositako argidun ezpata bat, beraiek egindako tramankuluak (led argidun tira bat bizikleta baten gurpilari itsatsi, adibidez)… Argi horrekin efektu ikusgarriak lortzen dituzte.
Taldea Carlos Arruti irundarrak, Xabier Mendez beasaindarrak, Ane Zaitegi hernaniarrak eta Juanjo Martinez zumarragarrak osatzen dute. Martinez izan zen argazki horiek ateratzen lehena. “Aita izan naizenez, argazkiak gauez bakarrik atera ditzaket. Arrutiri zer egiten nuen esan nion eta bera ere animatu egin zen”, azaldu du. Zaitegik ikastaro batean ezagutu zituen eta Mendez Martinezen lankidea da.
Ia ostiralero gelditzen dira, argazkiak ateratzeko. “Ez ditugu argazkiak prestatzen. Gustatzen zaigun toki bat bilatzen dugu eta bertara joaten gara. Argazkiak ateratzen ditugu, ea zer gertatzen den. Errenteriako Txoritokieta gotorlekuan, Zarauzko behatokian, Martuteneko skate parkean, hilerrietan, zubien azpian, meategi batean, Ormaiztegiko trenbidean… atera ditugu argazkiak. Abandonatutako tokietan. Guztiak Gipuzkoan atera ditugu”.
Erakusketa larunbatera arte egongo da zabalik. Aretoa astelehenetik larunbatera irekitzen dute, astelehenetik ostiralera 9.30etik 13.30era eta 15.00etatik 21.00etara eta larunbatetan 10.00etatik 13.30era.
Lords of Light Team erakusketa itxi eta egun gutxira, Txiribiri elkartekoek taila erakusketa irekiko dute toki berean. Maiatzaren 16ra arte egongo da zabalik. Erakusketa hori elkartearen 25. urteurrena ospatzeko egingo dute. Bazkideei eta bazkide ohiei taila lanak uzteko deia luzatu diete. Taila lanak elkartearen egoitzara eraman behar dira, astelehenera arte. Zalantzaren bat argitu nahi dutenek, ondorengo telefono zenbakietako batera deitu dezakete: 630 550 411 (Juani) eta 606 339 834 (Martin).
Urretxun ere ez da erakusketarik falta. Argazkia elkarteko kideek zuri-beltzezko argazkien erakusketa inauguratu zuten ostiralean, Juan de Lizarazu aretoan. Erakusketaren izenburua Begirada iraganera da. “Iraganean, gaur egun bezala, bizitza koloretan zen. Baina geratu ziren irudiak zuri-beltzean dira, koloreak harrapatzeko teknika ezagutzen ez zelako. Denborarekin teknika hori lortu zen eta ordutik irudi gehienak koloretan erreproduzitu eta inprimatzen ditugu. Erakusketa honetan, iraganari keinu bat egin nahi diogu, oroimenean ditugun argazki haien omenez, oraingo 40 irudi hauek aurkeztuz, zuri-beltzean”, azaldu dute elkartekoek. Erakusketa maiatzaren 3ra arte egongo da zabalik, asteartetik igandera 17.30etik 20.30era.