Sagardotegia tradizioari hertsiki lotutako jarduera bada ere, azken urteotan aldaketa eta egokitzapen prozesu batean murgilduta dago. Testuinguru horretan, Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako lehendakari den Maite Retolazak lehen sektorearen errealitatea, emakumeen rola eta etorkizuneko erronkei buruz hitz egin ditu.
Sagardogile eta enpresaburu zaren aldetik, -senarrarekin batera Zeraingo Oiharte sagardotegia zuzentzen du- nola bizi duzu emakume izatea lehen sektorean gaur egun?
Egia esan, gure etxean ez dut arazo handirik izan, baina garai bateko jendearen aldetik oraindik sumatzen da joera bat: askotan etortzen direnean etxeko gizonagatik galdetzen dute, emakume batengana jo aurretik. Hala ere, hori aldatzen ari dela iruditzen zait. Emakumeak beti egon dira, eta esango nuke beraiei esker negozio asko aurrera atera direla. Gertatzen dena da ikusgarritasuna historikoki gizonezkoek eraman dutela.
Nola hasi zinen sagardoaren munduan?
Ikasketak amaitu ondoren nire lanbidean aritzen nintzen, baina senarrak oso gustuko zuen sagardoaren mundua, eta bien artean proiektu berri bat sortzea erabaki genuen. 2000. urtean nekazalturismoarekin hasi ginen; hasieran etxean egindako sagardoa dastatzen ematen genuen, eta 2010ean sagardotegia handitu eta botilan merkaturatzen hasi ginen.
Nola aldatu da emakumearen presentzia sagardotegietan?
Tradizioz, sagardotegia gizonezkoen eremua izan da. Aurpegia eman eta txotxa irekitzen zuena gizona zen, nahiz eta sukaldean emakumea egon. Hori aldatzen joan da: bai emakumeak eta bai gizonak aurpegia ematen ari dira. Gure etxean, adibidez, senarrak txotx egiten du, eta ni parrillan nago; tokatzen dena egiten dugu.
Emakumeen lidergoak balio edo estilo desberdina eman al dezake?
Emakumeen eta gizonen ikuspegiek ñabardurak izan ditzakete, baina horrek ez du esan nahi bata bestearen gainetik dagoenik. Gauza batzuetan emakumeok ikuspegi jakin bat izan dezakegu, eta beste batzuetan gizonek. Nik berdintasuna ikusten dut horretan.
Lehen sektorea funtsezkoa da gure ekonomiarentzat eta kulturarentzat, baina errentagarria ere izan behar du. Nola uztartzen dira bi ikuspegi horiek?
Oso zaila da. Errentagarria ez balitz, ez ginateke hemen egongo. Hala ere, gure lan-baldintzak ez dira beste lanbide askorekin parekatu. Ez daukagu nagusirik, baina 24 orduz eduki behar dugu telefonoa piztuta, eta ezin gara gaixotu ere egin. Oztopo asko daude bidean.
Burokraziari heldu behar zaio
Zein dira gaur egun ezinbesteko gakoak lehen sektoreko proiektu bat epe ertain eta luzera bideragarria izan dadin?
Lehenik eta behin, burokraziari heldu behar zaio. Ezin zaizkio arau berberak aplikatu ehun langileko enpresa bati, autonomo bati edo bi langileko negozio txiki bati. Horrek ito egiten gaitu. Gure lana sagardoa egitea da, ez paperekin borrokatzea.
“ ”
Dibertsifikazioa, produktuaren eraldaketa, zuzeneko salmenta, digitalizazioa… Marjinak hobetzeko zer estrategia ari dira hobeto funtzionatzen tradizionalki estua izan den sektore batean?
Garai berrietara egokitu behar dugu. Bezeroari gure produktuak erosteko erraztasunak eman behar dizkiogu: 'online' salmenta, packaging erakargarriagoak... Sektorea ez dago lo, gauza berriak egiten ari gara. Guk, esaterako, dozena bat sagardo mota ezberdin ditugu, baita latan ere. Aukerak zabaldu behar dira.
Sagardotegiaren kasuan, nola lortzen da tradizioari eustea eta, aldi berean, berrikuntzari ateak irekitzea?
Zaila da, baina guk balioan jarri behar dugu. Sagardotegira etortzen denak askotan menu berriak nahi ditu, baina guk azaldu behar diogu betikoaren balioa. Dibertsifikazioa nahi dugu, baina ahaztu gabe zer den euskal sagardo naturala eta nola kontsumitzen den. Bi bideak uztartu behar dira.
Testuinguru horretan, zer egin beharko lukete erakunde publikoek lehen sektorea indartzeko?
Zalantzarik gabe, burokrazia arintzea. Inbertsioak egiteko diru-laguntzekin jarraitzea ere beharrezkoa da. Gaur egun emakumeok ez dugu oztopo berezirik proiektuak martxan jartzeko, baina negozioa abian dagoenean, bidea erraztu behar zaigu.
Euskal Sagardoa jatorri deituran, zer proiektu dituzue esku artean?
“Malus bat” izeneko proiektua abian dugu. Epe labur-ertainera Iparraldea jatorri deituran sartuko da, eta Nafarroako aukera ere aztertuko dugu. Sagarraren ekoizpena eta sagardoaren elaborazioa buru-belarri lantzen ari gara, ditugun gabeziak konpontzeko eta Euskal Sagardoa ehuneko ehunean bertakoa izan dadin.
Retolaza, 'Emakumeari eta lehen sektoreari' buruzko foroan parte hartzen
Belaunaldi erreleboa erronka handia da. Gazteek etorkizunik ikusten al dute sektore horretan?
Etorkizuna badago, baina gaur egungo gazteek aisialdia asko baloratzen dute, eta gure sektorean asteburuak eta ordu luzeak ohikoak dira. Horrek erreleboa zailtzen du. Gauzak erraztu behar ditugu, lan-karga arindu eta erreferente gehiago behar dira.
“ ”
Heziketan ere hutsune bat dago?
Bai, eskoletatik hasita. Egungo erreferenteak 'youtuberrak' edo moda diseinatzaileak dira. Baserritarrok oraindik gutxietsita gaude. Heziketaren ikuspegitik lan asko dago egiteko. Natura nork zaintzen duen eta ezjakina nor den hausnartu beharko litzateke.
Bukatzeko, zer esango zenioke proiektu bat martxan jarri nahi duen emakume gazte bati?
Animo asko emango nizkioke. Tokiko produktuak eta lehen sektorea galtzen baditugu, gure kultura eta herri txikiak galduko ditugu. Jakin behar du ez dela bizimodu erraza, errealista izan behar du, baina polita dela esango nioke. Bestalde, jendea bertakoa erostera animatu nahi dut, horren atzean dagoen lana balora dezaten.