Bizkaia

Elorrioko Kurutziagako gurutzea zaharberritu da

Harrizko egitura garbitu eta sendotzeaz gain, fokoetako ur-filtrazioak konpondu eta argiztapen-sistema berritu da
Lanak aste honetan bukatu dira / Elorrioko Udala

Elorrioko Udalak amaitutzat eman ditu Kurutziagako gurutzea lehengoratu eta zaharberritzeko lanak, udalerriko ondare historiko eta artistikoaren elementu baliotsuenetako bat babestuz. 28.329,73 euroko inbertsioari esker, 1522ko hareharrizko monumentu historiko honek bere jatorrizko edertasuna berreskuratu du. Esku-hartzearen ardatz nagusietako bat, garbiketa eta harriaren tratamenduaz gain, argiztapen-sistema berritzea izan da.

Izan ere, zaharberritze-lanak hasi aurretik, gurutzearen argiztapena anulatuta zegoen; lurreko fokoetan ura sartzen zenez, segurtasunagatik deskonektatu egin behar izan ziren. Orain, arazoa errotik konponduta, foko horiek erabat aldatu dira eta instalazioa iragazgaiztu da, gurutzeak gaueko orduetan argi berezia eta ikusgarria izan dezan berriro ere.

Fokoak aldatuta

Kurutziagako gurutzea udalerriko historiaren lekuko zuzena da, eta Udalarentzat harrotasunezkoa da berriro ere egoera ezin hobean ikustea. Ur-filtrazioen arazoa konponduta eta fokoak aldatuta, herritarrek zein bisitariek Elorrioko ondarearen altxor handienetako bat bere osotasunean gozatzeko aukera izango dute gauez ere.

Esku-hartze hau 2023, urtean hasitako ibilbidearen mugarri garrantzitsua da, Santa Anako (2024) eta Txanberiko gurutzeetan (2025) egindako lanen ondotik. Elorriok EAEko gurutze-multzorik ugariena eta baliotsuena du, inbentariatutako guztien %10 inguru biltzen baitu. Babes-maila gorena (1. maila) duen estilo hispano-flandestarreko harribitxi honen iraupena bermatuz, Udalak bere iragana etorkizuneko belaunaldiei egoera onenean transmititzeko konpromisoa berretsi du, udal iturriek atzo jakinerazi zutenez.

06/08/2026