Gipuzkoako hainbat azokatan Azokatik Mahaira: Sukaldean behin tailerrak antolatuko dira urte amaiera bitartean. Nutrizio eta sukaldaritza tailer bereziak egingo dira, herritarrei eguneroko elikadura modu erraz, osasungarri eta iraunkorrean antolatzen laguntzeko.
Proposamenaren ardatza argia da: egun bakarrean, bi ordutan, aste osorako janaria prestatzea. Tailer hauetan parte hartzen dutenek sukaldean denbora optimizatzen ikasiko dute, aldi berean dieta orekatu eta osasungarria bermatuz.
Helburu hori lortzeko, bertako eta garaiko produktuak erabiliko dira, tokiko ekoizleen lana balioan jarriz eta kontsumo arduratsua sustatuz.
Saioak, Anne Otegi sukaldariak eta Aitziber Aizpuru nutrizionistak gidatuko dituzte, sukaldaritzaren eta elikaduraren ikuspegi osagarriak uztartuz. Bi aditu horien eskutik, parte hartzaileek aholku praktikoak eta egunerokoan aplikatzeko moduko errezetak jasoko dituzte.
Ekimen hau Landaolak, Gipuzkoako Landa Garapen Elkarteen Federazioak, antolatu du; Gipuzkoako Azoken Sarea osatzen duten udalekin elkarlanean, landa garapena eta tokiko ekonomia sustatzeko helburuarekin. Gipuzkoako Azoken Sarea osatzen duten 17 herrietatik, hamahiru azokatan egingo dira saioak. Lehen saioa Legazpin izango da, apirilaren 24an: herriko azokan, 11.00etan.
Gainontzeko saioak datozen hilabeteetan eegingo dira, tokian tokiko azoketara egokituta. Honako herrietan egingo dira: Azpeitian, Zumarragan, Deban, Mutrikun, Azkoitian, Beasainen, Tolosan, Hondarribian, Eibarren, Errenterian, Ordizian eta Zarautzen. Tailerrak herri bakoitzean nekazari azoka egiten den egunean eta eremuan izango dira.
Landaolak eta Gipuzkoako Azoken Sarea osatzen duten udalek antolatutako tailerrek aukera paregabea eskaintzen dute elikadura ohiturak hobetzeko, denbora aurrezteko eta, aldi berean, inguruko produktuen balioa ezagutzeko.
Nekazal azoken indarberritzea tokian tokiko azoka guztien helburua da eta egitasmo honen bidez indarberritze horretan eragitea lortu nahi da.
Hala, saio bakoitzean, zuzenean ikasi ahalko da garaian garaiko produktuak kontuan hartuta etxean modu azkarrean eta erosoan errezetak egiten, ohiko plateretatik pixka bat urrundu eta egunerokotasunean kontsumitu daitezkeen bertako elikagaiak modu erakargarriago batean prestatzen.
Osasuntsu jateak duen garrantzia ere azpimarratu nahi da, eta elikagai bakoitzak nutrizionalki dituen abantailak jakiteaz haratago, osasuntsu nola elikatu ikasteko aukera ere edukiko dute parte hartzaileek.
Tailerretan ez da izen eman beharrik izango, bertaratzearekin nahikoa izango da. Saio bakoitzean, egun horretan sukaldatutako platera dastatzeko aukera egongo da, eta Azokatik Mahaira: Sukaldean Behin tailerrean egingo diren errezetak eta nutrizio aholkuak ere banatuko dira.