Actualizado hace 6 minutos
Durangaldeko Ezpatadantzari Egunak hainbat dantzari eta txistulari bildu zituen larunbat arratsaldean Amorebieta-Etxanon, eskualdeko kultura-adierazpen nagusietako bat den Dantzari Dantzaren inguruan. Udaletxeko plaza izan zen ekitaldi nagusiaren agertokia, tradizio honen talde-izaera ardatz hartu zuen jardunaldian.
Egitaraua 17.30ean hasi zen Zelaieta parketik abiatutako kalejirarekin, eta 18.00etan jarraitu zuen Dantzari Dantza osoaren erakustaldiarekin. Guztira, hamahiru taldek parte hartu zuten, tradiziozko oinarri beraren barruan dauden estilo aniztasuna erakutsiz.
Plazan elkartutako taldeen artean izan ziren: Amorebieta-Etxanoko Udabarri; Berrizko Iremiñe eta San Lorentzo; Durangoko Kriskitin eta Txoritxu Alai; Garaiko Dantza Taldea; Iurretako Dantzariak; Mallabiko Gazte Alai; Mañariko Andra Mari eta Otxandioko Urduri. Era berean, txistularien artean, Durangaldeko Jaizale, Zornotzako Udazken eta Otxandioko Kalerik Kale taldeek musikaz jantzi zuten plaza.
Auñamendi Eusko Entziklopediak jasotzen duenez, hitzordu hau ez da nolanahikoa Durangaldeko historia garaikidean. XIX. mendearen amaieran, Dantzari Dantza edo Ezpatadantza sei herritara baino ez zen mugatzen: Iurreta, Garai, Berriz, Abadiño, Izurtza eta Mañaria. XX mendeko 60ko hamarkadan, ordea, egoera kritikoa zen eta tradizio hori desagertzeko zorian zegoela ohartuta, Gerediaga Elkarteak eskualdeko taldeak berreskuratzeko eta bultzatzeko lanari ekin zion. “Erreskate” lan horren fruitu gisa, 1967an antolatu zen lehen aldiz Ezpatadantzari Eguna Iurretan. Harrezkero, urtero herriz herri txandakatzen den jai honek eskualdeko dantzari talde guztien topagune nagusi izatea lortu du.
Dantzari Dantza: Agintariena.
Goiatz Pelaezek, Gerediaga Elkarteko kideak, harrotasunez begiratu zion larunbatean egindako ibilbideari, ekimen hau urtean zehar talde desberdinen artean egiten den lanaren emaitza dela gogoraraziz. Bere esanetan, talde bakoitza bere errealitatetik badator ere, guztiak dabiltza “helburu berdinarekin arraunean aurrera”, eskualdeko ondarea bizirik mantentzeko asmoz. Azpimarratu zuenez, “Durangaldeko herri bakoitzak Dantzari Dantzan dituen xehetasunak aldi berean plazan ikustea une berezia da, magiaz beterikoa”. Izan ere, haren hitzetan, “hor agerian geratzen da belaunaldiz belaunaldi ondarea nola transmititu eta eraldatzen dugun, geure eginez”.
60.Urteurrena
Larunbateko programazioak karga emozional berezia izan zuen, Udabarri Dantza Taldearen, ekimenaren anfitrioiaren, 60. urteurrenarekin bat egin baitzuen. Pelaezek etxekoen inplikazioa “erabatekoa” izan dela gogorarazi zuen, hiru dantza talde plazaratzeko egindako lana goraipatuz. Testigantza horrek bat egiten du Igor Jauregi dantzari zornotzarraren bizipenekin, zeinek Ezpatadantzari Egunak "geure sustraietara garamatzala” azaldu zuen, Gerediagak Udabarrirengan jarritako konfiantza eskertzearekin batera.
Euskal dantzen egoerari dagokionez, Jauregik hausnarketa sakona eskaini zuen: “Gaur egungo dantzaren osasuna ez dut txarto ikusten, baina aldatu delakoan nago”. Haren hitzetan, plaza-dantzek indar handia hartu duten arren, “taldeko dantzak ahulago” ikusten ditu, eta horixe da, hain zuzen, gaur egungo erronkarik handiena: belaunaldi berriak erakartzea. Udabarriren kasuan, Jauregi itxaropentsu agertu zen: “Gazte belaunaldi bat dago lanerako gogoz, eta gogo honek herriko gazteengan eragina izan du. Hartu duten ardura eta inplikazioa txalotzekoa da, gure dantzak etorkizunean ere kaleetan ikusteko”.
Dantzari Dantza: Makil Jokua.
Dantzari zornotzarrarentzat, momentu hunkigarriena, dudarik gabe, Agintariena dantzatu ostean iritsi zen, bere taldeko ikurra udaletxeko balkoian zintzilik ikustean. “Poza handia eman dit Udabarriko belaunaldi ezberdinak elkarrekin dantzan ikusteak”, gaineratu zuen Jauregik, “miresmena eta hartu-emanak sakontzeko” balio izan zuen jardunaldian. Hala ere, Jauregik gogora ekarri zuen taldearen nortasuna eskualdeko sustraiei lotuta dagoela ezinbestean: “Euskal Herriko edozein txokotan harro erakutsi dugu Durangaldeko Dantzari Dantza; beti esan dugu Durangaldekoak garela”.
Taldeen arteko senidetasuna
Herri bakoitzak bere zigilua erakutsi zuen plazan, Dantzari Dantza beraren baitan. Iurretako Dantzariak taldeko Mikel Elizaranek, esaterako, umorez aldarrikatu zuen euren estiloaren nagusitasuna: “Guk gurea, eta zelan ez, onena”. Nolanahi ere, iurretarrak garrantzi handia eman zion Ezpatadantzari Egunak eskaintzen duen senidetasunari, bere ustez “saretzeko eta adiskidetzeko” plaza ezin hobea baita, dantzaren bidez eskualdeko zati bat “zeozertan ados” ipintzen duena: “Egunean zehar talde guztiak elkartzea, elkar agurtzea, Dantzari Dantza ostean denok batera sokara irtetea eta zeozer hartzea... niretzat oso berezia da”.
Dantza-saioaren ondorengo konplizitate hori ez da berria Imanol Orue-Mazaga berriztarrarentzat. 25 urte daramatza Iremiñe taldean, eta beste hainbeste Ezpatadantzari Egunean parte hartzen. Beraz, ondo daki zer den tentsioa askatu eta lagunarteko giroan murgiltzea. Barrez kontatu zuenez, dantzari beterano honentzat momenturik ederrenetako bat ekitaldi nagusia amaitu eta berehala “dantzaldian zehar egondako akatsak” beste dantzariekin batera komentatzea da. Ildo horretan, Dantzari Dantza osatzen duten bederatzi piezen artean, Palojokua da Orue-Mazagaren gogokoena, “egur hotsa ederra dalako eta asko disfrutatzen dugulako dantza horrekin”.
Txistulariak eta dantzariak kalejiran.
Dantza horixe bera izan zen Uxue Letamendia dantzari durangarrak ikusle gisa gehien disfrutatu zuena. Letamendia lau urterekin hasi zen dantzan Tronperri Dantza Taldean, eta aurten, zoritxarrez, talderik ateratzea lortu ez dutenez, kanpotik bizi behar izan zuen eguna: “Gaur inbidia pasatzea tokatzen da, baina giroa alde honetatik bizitzea ere polita izaten da”.
Txilin, txistu eta danbolin hotsak plazan itzali zirenean, Kittu taldearen doinuak hartu zuen lekukoa, larunbat arratsaldean Amorebieta-Etxano tradizioz betetzea posible egin zuten pertsona guztiak dantza-poteoan murgiltzeko. 20.30etik aurrera, jai giroak herriko kaleak hartu zituen eta orduan bai, dantzariek, txistulariek eta bertaratutakoek bat egin zuten, egutegian hain markatuta zegoen data bati jarraipena emateko.”Dantzatu ostean, poteoa eta festa izaten dira egun honetako unerik onenetarikoak”, borobildu zuen Letamendiak irribarre batekin, inguruko giro zalapartatsuak bere hitzak berresten zituen bitartean.