Gipuzkoa

Buruntzaldeak raparen bidez euskara sustatuko du

Beat Eroak proiektua sei herrietan burutuko da 11 eta 16 urte arteko gazteen artean
Beat Eroak proiektuaren suspertzaileak.
Beat Eroak proiektuaren suspertzaileak. / N.G.

Actualizado hace 1 minuto

Buruntzaldea eskualdeko sei herrietan Beat Eroak martxan jarri da, 11 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzendutako rap tailerren eta herri arteko lehiaketaren proiektua da. Otsailetik martxora bitartean, eskualdean egingo diren saioen bidez, gazteek raparen bidez sortu, adierazi eta lehiatzeko aukera izango dute, euskarazko sormenari eta adierazpen askeari bultzada emaneteko helburuarekin.

Herri bakoitzak bere abestia sortuko du, eta amaierako saio batean, entzuleen bozkaren eta epaimahaiaren erabakiaren bidez zehaztuko da abesti irabazlea. Lehiaketako saria bideoklip profesional bat grabatzea izango da, gazteen lanari ikusgarritasuna emateko eta sortutako proiektuari beste jauzi bat egiteko aukera eskainiz.

Antolatzaileen arabera, Beat Eroak ez da rapa egiten dakiten gazteei soilik zuzendutako ekimena. Ez da aurretiko esperientziarik behar parte hartzeko; nahikoa da parte hartzeko gogoa izatea. Helburu nagusia da gazteei ahotsa ematea, bakoitzak bere hitzekin, bere kezkekin eta bere estiloan adierazteko espazio segurua eta sortzailea eskainiz.

Beat Eroak proiektuaren argibideak

Beat Eroak proiektuaren argibideak Buruntzaldea Euskara

Proiektuak, gainera, rapa adierazpide sozial eta kulturala dela azpimarratu nahi du, gazteen eguneroko errealitatearekin eta hizkera propioekin lotura zuzena duen tresna gisa. Horregatik, hezitzaileek eta tailer-emaileek arreta berezia jarriko dute parte-hartzaileen mezuan, sormenean eta talde-lanean.

Bi fase sorkuntzarako

Egitasmoa bi fasetan egituratu da. Lehenengoan, otsailean, parte-hartzaileek hitzen lanketa, errima, erritmoa eta mezua jorratuko dituzte, raparen oinarrizko elementuak ezagutuz eta bakoitzaren adierazteko modua garatuz. Saio guztiak Odei Barroso rap abeslari eta hezitzailearen eskutik izango dira.

Bigarren fasean, martxoan, gazteek rap kanta propioa sortuko dute, eta ondoren herri arteko lehiaketan parte hartuko dute. Saio guztiak 17.00etan hasiko dira, eta gazteentzako ohiko espazioetan egingo dira, gaztelekuetan edo gazte lokaletan.

Bi hitzordu horien egutegia honakoa izango da: Urnietan, otsailaren 9an eta martxoaren 2an; Astigarragan, otsailaren 10ean eta martxoaren 5ean; Andoainen, otsailaren 19an eta martxoaren 26an; Lasarte-Orian, otsailaren 20an eta martxoaren 16an; Usurbilen, otsailaren 23an eta martxoaren 9an eta Hernanin, otsailaren 24an eta martxoaren 12an.

Esan bezala, Beat Eroak Buruntzaldeko herri guztietan garatuko da, eta izen-ematea zabalik dago jada. Interesdunek informazio guztia, egutegia eta izen-emate orria eskuragarri dituzte helbide honetan: https://euskara.buruntzaldea.eus/beat-eroak/.

Proiektuaren aurkezpena ostegunean egin zuten prentsaurreko batean, eta bertan izan ziren, besteak beste, Agustin Valdivia, Lasarte-Oriako alkatea; Estitxu Alkorta, Lasarte-Oriako Udaleko Euskara Zerbitzuko arduraduna; Izar Agirretxe, Usurbilgo gaztelekuko koordinatzailea; Gartxot Unibaso, Andoaingo gazte lokaleko hezitzailea; eta Telmo Trenor, Beat Eroak egitasmoko rap tailerretako irakaslea. Agerraldian azpimarratu zuten proiektuak eskualde mailako lankidetza indartzen duela, gazteriarekin zuzenean konektatzen duen diziplina baten bidez.

Izan ere, egitasmoaren bidez gazteen parte-hartze kulturala sustatu nahi da, eta, aldi berean, eskualdean euskarazko sormen urbanoari bultzada eman.

2026-01-29T16:14:34+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo