Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailak 73.096.000 euroko aurrekontua aurkeztu du Bilbon, Bizkaiko Batzar Nagusien egoitzan egindako batzordean. Urte honetakoa baino %3,86 handiagoa da, eta 8,9 milioi euro euskararen sustapenera bideratuko dira.
Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kirol Saileko diputatuak adierazi duenez, "euskaran, kulturan eta kirolean inbertitzea Bizkaiaren etorkizunean inbertitzea da. Ez dira hiru politika bereizi, baizik eta hiru tresna estrategiko Bizkaia kohesionatuagoa, aktiboagoa, inklusiboagoa eta bere identitatearekin konprometituagoa eraikitzeko".
Horrela, arloka, aurrekontua honela banatzen da: euskararako 8.932.000 euro izango dira, kultura eta ondarerako 47.485.400 euro, kirolerako 11.538.000 euro, eta zerbitzu orokorretarako 5.140.600 euro.
Arrizabalagak nabarmendu duenez, Bizkaiko Aldundiak administrazioa euskalduntzearen aldeko apustuari eutsiko dio datorren urtean ere, herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko. Era berean, eremu digitalean eta informazioaren, enpresaren eta aisialdiaren eremuetan euskararen erabilera bultzatzen jarraituko du.
Hainbat esparrutan euskara erabiltzera bideratutako aurrekontu sailen artean, aisialdirako 3.824.000 euro eta ingurune digitalerako 940.000 euro daude. Gainera, 440.000 euro izango dira eremu sozioekonomikorako, 70.000 euro gazteen hizkuntza erabilerarako eta 55.000 euro euskarak kirolean presentzia izan dezan. Administrazioaren eremuan, barneko euskara planetarako 550.000 euro gorde dira.
Bestalde, toki administrazioetako hizkuntza planetarako eta administrazio horiek euskararen erabilera foroetan parte hartzeko 894.000 euroko zuzkidura egongo da. Halaber, bizkaiera hainbat erakunderen bidez sustatzeko laguntzak izango dira, 447.000 euro guztira, bai eta euskaraz ekoizteko laguntzak ere, 110.000 euro.
Aurreikusitako proiektuen artean, gainera, 'Zu ere euskaldun' dago, migratzaileei euskara hurbiltzera bideratua, eta, printzipioz, 30.000 euroko kontu saila izango duena.