BioAraba azokaren hamaikagarren edizioa egingo da Gasteizko Iradier Arenan ostiraletik igandera, azaroaren 6tik 8ra, eta ekoizpen ekologikoari, bizitza osasuntsuari eta kontsumoari lotutako 80 erakusketari inguru izango dira bertan. Ekoizleak, merkatariak, banatzaileak, bisitari profesionalak, erakundeak eta produktu ekologikoen elkarteak bilduko ditu azokak, guztiak Espainiako Estatuko hainbat tokitatik iritsita.
Gasteizko Udala da BioAraba Azokaren babeslea. Maria Nanclares Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismoko zinegotziaren hitzetan, "Udalak Bioraba babesten du, gure hirira jasangarritasunarekin eta bizitza osasungarriarekin lotutako produktuen eta zerbitzuen eskaintza zabala hurbiltzen duen ekitaldi sendoa delako".
"Gizartea aldatzen ari da, eta gero eta gehiago eskatzen ditu modu arduratsuan landutako artikulu mota horiek. Horiek guztiak erdigunean kokatuta dagoen tokian topatuko ditugu, Iradier Arenan, eta bertara oinez edo garraio publikoan iristeko aukera izango dugu. Zalantzarik gabe, toki aproposa da", azaldu du.
Arabako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Vital Fundazioak babesle gisa parte hartzen dute, eta Ekolurra Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua, 'Bioeco Actual' eta 'Bueno y Vegano' argitalpenak eta Apartamentos Divan, Irenaz eta Jai Alai enpresak laguntzaileak dira.
BioAraba Azokak elikadura osasungarrirako alternatiba ugari erakutsiko ditu, elikadura osasungarriari, ehungintzari eta kosmetikari lotutakoak, baina baita bidezko merkataritzako produktuak ere, eremu berriztagarriari eta kontsumo arduratsuari lotutako beste zerbitzu batzuez gain. Erakusgai jarritako produktu guztiek ziurtagiri ekologikoko zigiluak izango dituzte.
BioAraba sektoreko azoka ekologiko sendoenetako bat da, eta horren erakusgarri da Gasteizen egindako azken edizioan bildutako pertsona kopurua, 15.000 lagun baino gehiago bertaratu baitziren.