Bilboko Udalak duela gutxi hasi ditu Lezamako Trenbide Zaharra bidean espaloi zati bat handitzeko lanak, Zurbaran auzoan, 120.540 euroko aurrekontuarekin eta hiru hilabeteko egikaritze epearekin. Auzokide Planaren esparruan lehenetsitako jarduketa da, eta segurtasun baldintzak, irisgarritasuna eta oinezkoen joan-etorriak hobetzea ekarriko du.
Bilboko Udaletik jakinarazi dutenez, 35 zenbakidun atariaren ondoan dagoen oinezkoen pasabideko ikuspena eta segurtasuna hobetu beharra dagoelako egingo dira lanak. Esku hartze nagusia izango da espaloia handitzea oinezkoen pasabidearen inguruan, 50 metro inguruko tarte batean, aparkalekuaren inguruan espaloi zabalpen bat eginez eta oinezkoen joan-etorrietarako espazio erabilgarria handituz.
Zabalpenari esker, gainera, autobus markesina lekualdatu eta geralekuko egungo plataforma prefabrikatua kendu ahal izango da; hartara, oinezkoen bidea erosoagoa eta oztoporik gabekoa izango da eta autobusaren ibilbideari zirkulazio erreitik jarraipena emateko.
Espaloi berria Bilbao motako baldosa grisez zolatuko da; oinezkoen pasabidean, berriz, ukipen eta norabide zoladura jarriko da, irisgarritasun irizpideetara egokituta. Zintarria ere berrituko da, eta akabera egokia eta irisgarria bermatzeko beharrezkoak diren elementuak gehituko dira.
Proiektua Bilboko auzoen etengabeko hobekuntza bultzatzera bideratutako udal lanaren ildoan kokatzen da, Barruti Kontseiluen bidez (kasu honetan 2. barrutikoa, Uribarrikoa) eta herritarren eta eragile politiko eta sozialen parte hartzearekin lehenetsitako obra eta jarduketen bidez.
Lezamako Trenbide Zaharra bideko jarduketari esker, inguru horretako behar zehatz bati erantzun ahal izango zaio; esku hartzeak bidegurutzearen segurtasuna, irisgarritasuna eta oinezkoen joan-etorrien erosotasuna hobetuko ditu, eta hiri zerbitzuen sareak berrituko dira, hala nola argiak, urak eta saneamendua.