Bizkaia

‘Batera Bermeon’ prozesuak herritarrak aktibatuko ditu euskararen erabilera sustatzeko

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Taupa mugimenduak bultzatutako 'Bizkaian bagara. Berbak zubi' egitasmoaren baitan garatuko den ekimena, bihar, azaroak 12, aurkeztuko da
Gaur egun erabilera da euskalgintzaren erronka nagusia
Gaur egun erabilera da euskalgintzaren erronka nagusia / E. Salterain

Euskararen erabileran eta aktibazioan eragiteko helburu zehatzarekin, Batera Jauzi prozesua jarriko da martxan Bermeon. Ekimena Bizkaiko Foru Aldundiak eta Taupa euskaltzaleen mugimenduak elkarlanean bideratzen duten 'Bizkaian bagara. Berbak zubi' programaren barruan kokatzen da, eta tokian tokiko Udalaren zein Etxalaken laguntzaz garatuko da ‘Batera Bermeon’ izenpean. Hurrengo sei hilabeteetan jendarte elkarrizketa zabal eta sendo bat bideratzea da asmo nagusia, herriko askotariko herritarrak euskararen inguruan antolatzeko eta mugiarazteko.

Gaur egun erabilera da euskalgintzaren erronka nagusia. Horregatik, egitasmo honen helburua ez da soilik euskararen aldeko jarrera indartzea, baizik eta hizkuntza ohituretan eragiteko aukera errealak zabaltzea eta komunitate aktiboak sendotzea. Horrela, herri mailako ikuspegi eta akordio berri bat lortu nahi da, datozen urteotarako lehentasunak guztion artean adostuz. Prozesua metodologia berri eta berritzaile batekin eraiki da, Aldaketa Teoria eta ikuspegi sistemikotik abiatuta, epe luzerako ikuspegia herritar, eragile eta euskaltzaleekin batera lantzeko.

Euskararen aldeko tokian tokiko sarea zabaltzeko eta aberasteko bide honetan, herritar guztiei irekitako aurkezpena egingo da bihar, azaroaren 12an. Ekitaldia Kultur Etxeko hitzaldi aretoan izango da, arratsaldeko 18.45ean hasita. Bertan azalduko dira xehetasun guztiak eta komunitate sendoago bat eraikitzeko emango diren hurrengo urratsak.

2026-11-11T16:07:19+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo