Pasaiako eta Lezoko Udalek Badiako ikastola txiki kementsu haiek dokumentala aurkeztuko dute datorren ostiralean, urriaren 2an, 19.00etan Pasai Donibaneko Juanba Berasategi aretoan. Ikus-entzunezkoaren bidez, bi Udalek 1960ko eta 1970eko hamarkadetan Pasaian eta Lezon euskarazko hezkuntzaren alde egindako ibilbidearen memoria berreskuratu eta herritarren artean partekatu nahi dute.
Dokumentalak Pasaian sortutako ikastola txikien eta bertako andereñoen historia jasotzen du, baita Lezoko ikastolaren ibilbidea ere. Frankismoaren garaian, Pasaiako lau barrutietan —Antxon, Donibanen, San Pedron eta Trintxerpen— ikastola txikiak sortu ziren. Lezon ere bide bera egin zuten, eta hasierako proiektuak elkarren artean harremanak sendotzen joan ziren. Denborarekin, guztiak batzeko prozesua abiatu zen, Pasaia-Lezo Lizeoa sortzeraino.
Auzolana eta euskaraz ikasteko nahia
Dokumentalean jasotako testigantzek garai hartako ikastolen egunerokoa erakusten dute: gurasoen eta irakasleen auzolana, ikastolen antolaketa, elkartzeko beharra eta ikasle-ohien bizipenak. Horien bidez, ikastolen sorrera ez zela soilik hezkuntza-proiektu bat izan erakusten da, euskaraz ikasi eta hezteko herriaren nahia gauzatzeko ahalegin kolektiboa baizik.
Gurasoek, andereñoek eta herritarrek elkarlanean egin zuten aurrera, eta, pixkanaka, ikastola txikiak elkartzeko prozesua abiatu zen. 1970eko hamarkadaren amaieran eman zen hurrengo urratsa: Pasaia-Lezo Lizeoa 1976an eraikitzen hasi ziren, eta 1979an inauguratu zen ofizialki.
Memoria hori osatzeko, Euskal Herriko Ahotsak proiektuak Pasaia eta Lezoko garai hartako protagonistak elkarrizketatu ditu. Elkarrizketetan bildutako ahozko ondarea da dokumentalaren oinarria. Guztira, 30etik gora pasaitar eta lezoarren testigantzak jaso dituzte, baita protagonistek utzitako argazki eta bideo zaharrak ere.
Horrenbestez, dokumentalak ez du soilik ikastolen bilakaera kronologikoki jaso nahi; garai hartan hezkuntza euskaraz izateko sortutako mugimenduaren atzean egon ziren pertsonen ahotsak eta bizipenak ere bildu ditu.
Aurkezpena, urriaren 2an
Dokumentalaren aurkezpen-ekitaldian filmaren proiekzioa egingo da, eta, ondoren, ekitaldi labur bat izango da. Amaitzeko, mokadutxoa eskainiko zaie bertaratzen direnei.
Sarrera doakoa izango da, edukiera bete arte. Txartelak Bibe.me plataforman eskuratu daitezke. Dokumentalean parte hartu duten protagonistek, berriz, antolatzaileen deia jasoko dute, eserlekua erreserbatuta izan dezaten.
Hitzorduak, beraz, duela hainbat hamarkada euskarazko hezkuntzaren alde Pasaian eta Lezon egindako lana gogora ekarriko du, garai hartako protagonisten ahotsen bidez.