Hilabete honetatik aurrera, BADA izango du Astigarragak, euskaldunon topaleku berria. Nabarra Oñatz kaleko 11. zenbakian kokatuko den gunea euskaltegiaz harago joango da, eta euskararen inguruan elkartzeko, ideiak eta esperientziak partekatzeko eta herrian euskararen erabileran eragiteko espazio gisa sortu da. Herritar guztiei zabalik egongo da.
Gune berriaren irekierarekin batera, Astigarragako Udalak hainbat jarduera antolatu ditu irailean zehar, herritarrek BADA ezagutu eta bertan parte hartzeko aukera izan dezaten. Egitarauak askotariko proposamenak bilduko ditu, literatura, hizkuntza, musika eta herriko egoera soziolinguistikoaren inguruko hausnarketa uztartuz.
Lehen hitzordua irailaren 10ean izango da, Pipistrelo txikia liburuaren aurkezpenarekin. Jaione Gutierrezek idatzi eta Ainara Azpiazuk ilustratutako lana da, eta lehen hortza erori zaion Aieko haurraren istorioa kontatzen du, Euskal Herriko ohitura zaharrak ardatz hartuta. Ekitaldia 5 eta 8 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago.
Irailaren 17an, berriz, AEK Eguna egingo da. AEK euskaltegiak matrikulazio kanpainaren barruan antolatutako hainbat jarduera egingo dira BADAren inguruan, euskararen ikaskuntza eta erabilera sustatzeko.
Irekiera ofiziala, irailaren 18an
BADAren aurkezpenaren une nagusia irailaren 18an izango da. Arratsaldean egingo dute irekiera ekitaldia, eta ondoren zizka-mizkak eta Kattalin eta Nenufarrak taldearen kontzertua izango dira. Modu horretan, gune berriaren sorrera herritarrekin batera ospatu nahi du Udalak.
Euskararen egoerari buruzko hausnarketak ere izango du tokia iraileko programan. Irailaren 22an, Zenbateraino gara herri euskaldun? hitzaldia egingo da. Xabet Urzelaik, UEMAko teknikariak, Astigarragaren argazki soziolinguistikoa aurkeztuko du, herriko euskararen ezagutza eta erabileraren inguruko datuak eta hausnarketak herritarren eskura jarriz.
Iraileko egitarauari amaiera emateko, Hitzen haztegia ikuskizuna izango da irailaren 26an, Olatz Salvador eta Alaia Martinekin. Poesia, abestiak, zarata eta faltan emandako hitzak uztartuko dituen pieza musikatu katastrofista izango da, eta euskararen inguruko sorkuntza eta adierazpen artistikoa ere BADAren programazioan txertatuko ditu.
Herritarrekin batera eraikitzeko espazioa
BADAren helburua, beraz, ez da soilik euskaltegiaren jarduera hartzea. Euskararen inguruan herritarrak elkartzeko eta komunitatea indartzeko gunea izan nahi du, baita euskaraz bizitzeko aukerak sortu eta herrian eragiteko espazioa ere.
Xabier Urdangarin Lasa Astigarragako alkateak herritarrak irailean zehar antolatutako ekitaldietan parte hartzera animatu ditu, gune berriaren izaera kolektiboa azpimarratuz. “Zurekin batera eraiki nahi dugu hasiera berri bat”, adierazi du.
Horrela, irailean zehar BADAren ateak irekiko dira, eta herritarrek aukera izango dute espazioa ezagutzeko, bertako jardueretan parte hartzeko eta aurrerantzean izango duen ibilbidean ekarpena egiteko.