Gipuzkoa

Azpeitiko Santomasetatik Zestoako Zoroperiara

Azpeitiarrek aurre egin zioten euriari igandean eta zestoarrek txanda hartuko dute ostiralean San Esteban eguneko feriarekin
Azpeitiko Santomasetan, jai giroa aterkien azpian
Azpeitiko Santomasetan, jai giroa aterkien azpian

Actualizado hace 6 minutos

Azpeitian igandean ospatutako Santomas azokak eman dio hasiera Gabonetako jai giroari Urola bailaran, eta haren lekukoa hartuko du datorren abenduaren 26an Zestoako Zoroperiak.

Eguraldi txarra, giro ezin hobea

Azpeitiko feriak erakutsi du, beste behin, eguraldi txarrak ere ez duela herritarren jaietarako grinari eusten uzteko adinako indarrik.

Goizean goizetik jende ugari atera zen kalera Azpeitin, eta plazak eta kaleak bete egin ziren.

Lehen orduetan eguraldia bareago egon bazen ere, euriak protagonismoa hartu zuen eguerdi aldera, baina horrek ez zuen jaia zapuztu.

Jai giroa nagusi

Plazan jarritako txosnek izan zuten mugimendurik handiena, talo eta txorizo usainek jendetza erakarriz.

Ilara luzeak sortu ziren jan-edanaren bueltan, eta gune hori babesleku ere bihurtu zen eguraldi txarraren aurrean.

Musikak ere ezinbesteko osagaia izan zuen: txistulariak, musika banda, gaiteroak eta trikitilariak aritu ziren giroa berotzen, kaleak doinuz betez.

Hareazko txerriak

Andoni Bastarrikak Azoka Plazan harearekin egin zituen “Tomaxa” eta “Tomaxito” txerriak ere izan ziren Santomas feriako beste protagonista batzuk.

Kirolak eta kulturak ere izan zuten tokia, pilota partidekin, herri kirolekin eta bertso saioarekin.

Erraldoi eta buruhandiek, ttuntturroak zein kale animazioak borobildu zuten eguna, eta festak iluntzera arte jarraitu zuen. Tarte horretan, San Tomas eguneko 44. Dantza Suelto Txapelketa jokatu zen. Gipuzkoako bederatzi dantzari bikotek parte hartu zuten eta Azpeitiko German Aranburuk eta Jone Arriaranek osatutako bikoteak lortu zuen garaipena.

Zestoaren txanda

Santomasen lekukoa hartuta, Zestoak prest du jada Zoroperia eguna, egitarau oparo eta askotarikoarekin.

Abenduak 26an, ostirala, goizeko 10.00etan Idiakaitz Txistulari taldearen dianarekin hasiko da jaia, eta berehala zabalduko dira azoka eta lehiaketak. XXXIV. barazki eta fruta lehiaketa, Urolako XXVI. eztia lehiaketa eta Zestoako XXV. sagardo lehiaketa izango dira ardatz nagusietako batzuk, tokiko ekoizpena eta kalitatea balioan jarriz.

Horrez gain, erlezaintzari eskainitako erakusketa didaktikoa egingo da, azalpenekin eta produktuen dastaketarekin, eta Segurako talogileek zein artisau eta salmenta postuek girotuko dute plaza.

"Denok kiroldegira"

Eguerdi aldera, Ertxiña taldeko trikitilariek eta herriko dantzariek hartuko dute protagonismoa, Itxaropena dantza taldearen saioarekin eta herriko musikarien emanaldiekin. 12.45ean, lehiaketetako sari banaketak eta sagardo dastaketak emango diote jarraipena jai giroari. Bazkalorduan, Gaztetxean egingo den baba jana izango da beste topagune .

Arratsaldean, “Denok kiroldegira” kalejira gauzatuko da. Behin kiroldegian, Abantzu pilota klubak antolatutako jaialdia ospatuko da. Ekitaldian Naroa Agirreri eta Jon Alberdiri eskerona adieraziko zaie. Euskal Pilota selekzioak 36 metrotako Nazioen Liga txapelketan Agirrek urrezko domina lortu zuen eta Jonek, berriz, entrenatzaile gisa egindako lana eskertu nahi da.

Erromeria

18.00etan, Magiklown taldeak magia eta pailazo ikuskizuna eskainiko du Kultur Etxean. Ondoren, 19.15ean, bertso-poteoa izango da Erniarraitz taldeak antolatuta, Amets Arzallus eta Aitor Salegiren parte-hartzearekin.

Musikak ere bere tokia izango du jai giroan: 19.30ean Obaneuke erromeria taldea arituko da udaletxeko arkupetan, afalordura arte. Gauari jarraipena emanez, 22.30etik aurrera Obaneuke taldeak berriro joko du, gaueko erromeria girotzeko, Zestoako Zoroperiari amaiera borobila emateko.

2025-12-22T10:50:53+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo