Gipuzkoa

Azkoitiko Hike eizan! lehiaketak baditu sarituak

Oier Etxeberria izan da helduen kategoriako irabazlea, gazteen mailako saria hutsik geratu da, eta Nahikari Camposek irabazi du haurren kategorian
Andoni Egaña berriz ere izango da Hike Eizan! sari banaketa ekitaldiaren baitan egingo den bertso saioan. / Aitor

Azkoitian egiten den Hike eizan! Bertsopaper Lehiaketaren bosgarren edizioak baditu sarituak.

14 lan lehiaketan

Lehiaketako epaimahaiak aurtengo edizioaren epaia eman du jakitera.

Aurten, guztira 14 lan aurkeztu dira lehiaketara: zazpi helduen kategorian, bat gazteen mailan eta sei haurren kategorian.

Helduen kategorian, lehen saria Oier Etxeberria Zubimendi azpeitiarrarentzat izan da, “Kare bizia” lanari esker.

Bigarren saria Aimar Goenaga Agirrezabal eibartarrak eskuratu du, “Baloi hari esker” bertso-sortarekin.

Azkoitia Saria, berriz, Naia Arrizabalaga Arrietak jaso du, “Haizeak harabil” lanagatik.

Parte hartze eskasa gazte kategorían

15 eta 18 urte bitarteko gazteen kategorian, epaimahaiak lehen saria eman gabe uztea erabaki du.

Azkoitia Saria, ordea, Oier Juaristi Agirrebeñarentzat izango da, “Urteak aurrera gizartea atzera” bertso-sortari esker.

Haurren maila

14 urtera arteko haurren mailan, bertso-sorta onenaren lehen saria Nahikari Campos Azkue azpeitiarrak irabazi du, “Berdintasuna” izenburupean aurkeztutako lanarekin.

Azkoitia Saria, aldiz, Judit Eisman Gallardok eta Alaine Tena Santosek jasoko dute, elkarrekin idatzitako “Temuko komun arraroa” bertso-sortagatik.

Lehiaketako epaimahaia Hike eizan! taldeko eta Erniarraitz Bertsozale Elkarteko kideek osatu dute.

Bertso saioa

Sari banaketa ekitaldia ekainaren 25ean egingo da, VI. Hika Bertso Saioaren barruan. Hitzordua 19.00etan izango da, Elkargunean.

Bertso saioan Nerea Elustondo, Andoni Egaña, Agin Laburu eta Aner Peritz ariko dira kantuan, eta gai-jartzaile lanak Haritz Alberdik egingo ditu.

Ekitaldirako sarrera doakoa eta irekia izango da.

01/06/2026