Donostia – Iaz, ez zen aurrekontu-negoziaziorik egon Eusko Jaurlaritzaren eta PP+C’s-en artean. Mahai gainean inolako dokumenturik ez jartzea interes faltatzat hartu zuen Azpiazu sailburuak, eta eurak izan ziren bigarren bilera egiteko baztertuta geratu zen talde bakarra. Aurten, 2023rako Aurrekontuen negoziazioan, PP+C’s taldeak bestelako jarrera erakutsi du, argazkitik kanpo geratzea saihesteko proposamen bat aurkeztu du, paper horietan agertzen den xehetasunik ezagutu ez arren; gainera, nahikoa mugimendu ez ohikoa egin dute, beraien neurrien kostu ekonomikoa kuantifikatzeko erantzukizuna Jaurlaritzari ego-tzi baitiote, Carlos Iturgaitzen taldeak ez duelako ariketa hori egin.
Gauzak horrela, asteazkenean Azpiazurekin lehen bilera egin ondoren, bertan izan zen Luis Gordillo legebiltzarkidea, negoziazioari bizirik eusten saiatu zen atzo, jarrera adeitsua eta adosteko borondatea erakutsiz. Bere esanetan “aurrerapauso txiki ba-tzuk” eman omen ziren, baina egoera zaila deneko diagnostikoan bat etortzeaz haratago ez zuen zehaztasunik batere eskaini. Talde guztiekin egindako bigarren bilera erabakigarria izango da itunak egiteko benetako aukerak argitzeko.
Litekeena da, Alberto Nuñez Feijoo PPko presidente izendatzearen ondotik talde hori EAJrengana hurbiltzen saiatzea; izan ere, PPren aldeko prentsaren adierazpenei jaramon eginez gero, Voxen botorik gabe Espainiako presidente izatea helburu dutela sumatzen baita. Bestalde, negoziazioa zertxobait luzatzea ere izan daiteke talde horren helburu bakarra, argazkitik hain goiz ez ateratzeko helburu hutsarekin.
Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketan, Azpiazurekin izandako bilera “oso emankorra” izan zela adierazi zuen Gordillok, eta bere taldea “borondate onez” joan zela, “aurrekontuen arloan nolabaiteko ulermena lortzea oso positiboa izango litzatekeela” iruditzen zaielako . Euren alderdia “Estatuko alderdia eta goberna-tzen dakiena” dela esan zuen, eta jakin badakitela “ez dela batere erraza” denboraleari aurre egitea. PPk, EAJk eta PSEk 2017an lortutako akordio fiskala ere hizpide izan zuen, une honetan ebaluatzeko modukoa dela aipatuz, bere taldea berriro ere elkar ulertze fiskala lortzeko posizionatzen arituko bailitzan. Egin berri diren deflaktazioen modukoak, PPk ere proposatu zituela nabarmendu zuen, eta sailburuarekin izandako lehen bileran “aurrerapen txikiak” egin zituztela aipatu zuen, zinez datu zehatzetan oinarritu ez bazuen ere.
Izan ere, aurrerapen horiek zein arlotan eman diren galdetu zitzaionean, “diagnosia” hitza erabili zuen, Ukrainako gerraren ondorioz “bizi dugun egoeraren garrantzia”, pandemiaren osteko errekuperazio-prozesua eta abar. “Proposamenak aztertu eta aurrera egiten jarraitzeko jarrera horixe da, berez, aurrerabidea” gehitu zuen.
“ADEITASUNEZ”
Zehaztasun-gabezia hori sailburuarekiko “adeitasun-keinua” zela esan zuen Gordillok, jendaurrean xehatu aurretik euren proposamenak aztertzeko aukera eskaini nahi diotelako. Oro har, “zerga-arintze bat” aipatu zuen. -M. A.