Gipuzkoa

Atharratzetik Bilbora, Urretxu eta Zumarragatik

Korrika larunbatean pasako da eta makina bat ekitaldi antolatu dute
Urretxuko txistulariak, lekukoa eramaten, duela bi urteko Korrikan.
Urretxuko txistulariak, lekukoa eramaten, duela bi urteko Korrikan. / Korrika

Actualizado hace 7 minutos

Korrika larunbat goizean pasako da Urretxu eta Zumarragatik. 7.55ean sartuko da, Deskargako gainatik. Ondoren, makina bat ekitaldi izango da bi herrietako kaleetan. Gainera, autobusa antolatu dute igandean Bilboko amaiera festara joateko.

Aipatu bezala, Korrika Deskargatik iritsiko da Urretxura. Deskargatik Zumarragako Euskal Herria hiribidera joango dira, ospitaleko bidegurutzetik La Salle-Legazpi ikastetxera jaitsiko dira, Secundino Esnaola kalea zeharkatu ondoren Urretxura sartuko dira, Areizaga-Kalebarren plazatik Eitzagara joango dira eta handik Ezkiora jaitsiko dira.

Lekukoa hartzen lehenak Iota gimnasiokoak izango dira. Ondoren, Urretxuko Lizarriturri txistulari taldeak, Iratzarri dultzainero taldeak, EH Bilduk, EAJk, Smartlog enpresak, Legazpiko Udalak, Urretxu-Zumarraga Udal Euskaltegiak, Urola Kirol Elkarteak, Gainzuri ikastetxeak, Lurra dantza taldeak, Urretxu-Zumarraga Herri Kirol Elkarteak, Bi-Tartean merkatari elkarteak, Zumarragako Udalak, Urretxuko Udalak, Urretxu-Zumarraga ikastolak, La Salle-Legazpi ikastetxeak, Eitzako Jai Batzordeak, Goierri-Urola Garaia Erakunde Sanitario Integratuak, Urretxu-Zumarragako Gazte Asanbladak, Irrintzi dantza taldeak, Zumarragako Antxiñako Ama txistulari taldeak, Urretxu-Zumarragako bertso eskolak eta Zintzo Mintzo euskaltzale elkarteak hartuko dute lekukoa.

Egun osoan zehar, hainbat ekitaldi izango dira. Korrika Urretxu-Zumarragatik irteten denean, txokolate jana egingo dute Areizaga-Kalebarrenen. 10.30ean haurrentzako jolasak izango dira Zelai Arizti parkean (eguraldi txarra egiten badu, Ederrena pilotalekuan). 12.00etan erraldoiek eta dultzaineroek kalejira egingo dute, Zelai Ariztitik abiatuta. 13.30ean ZU Dantzaz taldeak emanaldia egingo du Areizaga-Kalebarren plazan (eguraldi txarra egiten badu, Ederrena pilotalekuan.

14.30ean herri bazkaria egingo dute Urretxuko Ederrena pilotalekuan. Bazkalondoa musikaz girotuko dute. 19.30ean Martxoan Bertsoa txapelketako finala jokatuko da Urretxuko gaztetxean. Bukatzeko, Dj festa egingo dute toki berean.

Martxoan Bertsoa txapelketan hiru kanporaketa jokatu dira aurten ere eta horietako bakoitzeko garailea finalera sailkatu da:Bertso Olariak (Ane Beloki, Lierni Ugarte eta Jone Narbaiza), Zirtoaroa (Mikel Iturriotz, Arkaitz Aizpuru eta Beñat Torres) eta Xelebrek (Uhaitz Oiartzabal, Sustrai Goenaga eta Amets Zubizarreta).

Bat baino gehiago buruko min galantarekin joango da biharamunean Bilbon egingo den Korrikaren amaiera festara. Legazpi, Urretxu eta Zumarragako udalek autobusa antolatu dute bertara joateko. Autobusa 8.45ean abiatuko da Legazpiko Saturnino Telleria kaleko errotondatik. 9.00etan urretxuarrak eta zumarragarrak hartuko ditu, Zumarragako geltokian. 20.00etan itzuliko da Bilbotik. Autobusa doan da, baina aurrez izena eman behar da Legazpi, Urretxu eta Zumarragako kultur etxeetan.

Etiquetas
2026-03-23T21:05:07+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo