Sancho el Sabio Vital Fundazioak antolatutako 'Arabari buruz' zikloak Beatriz Gallegoren hitzaldia eskainiko du ostegun honetan, apirilaren 16an, eta Oiongo historialari eta antropologoak 'Lavaderos en el mundo rural alavés. Mitos y realidades de un espacio femenino propio' bere ikerketa lana aurkeztuko du bertan.
Hitzordua 18:30ean hasiko da, Betoñuko egoitzan, Gasteizen. Sarrera librea da, baina aldez aurretik izena eman behar da www.sanchoelsabio.eus webgunean, Vital Fundaziotik prentsa ohar bidez jakinarazi dutenez.
Beatriz Gallego hamar hilabetez ibili zen Arabako herrietan elkarrizketak egiten eta garbitokiei buruz dokumentatzen. Leku horiek arropa garbitzeko erabili ziren 1960ko hamarkadara arte, eta emakumeen arteko topaketarako nahiz harreman sozialerako guneak ere izan ziren.
Arropa garbitzeko erabiltzen zen tokirik zaharrena erreka zela azalduko du bere hitzaldian. Errekan, emakumeek belauniko egiten zuten lan hori, ur ertzean edo ur barruan, harriak edo garbitzeko oholak erabiliz. Jarduera horrek hotzaren, hezetasunaren eta eguraldi txarraren eraginpean jartzen zituen.
Higieneari arreta berezia jarri zioten ideia ilustratuetatik abiatuta, garbitegi publikoak eraikitzen hasi ziren. Emakumeek garbiketa lana baldintza hobeetan egin zezaten diseinatu ziren gune horiek: babestuagoak, ingurune garbiagoan eta egokiagoan. Emakumeek baino ez zituztenez erabiltzen, garbitokiak lanleku izateaz gain, emakumeak elkartzeko eta sozializatzeko gune ere bilakatu ziren. Etxebizitzetara ur korrontea iritsi zenean eta ondoren garbigailuak agertu zirenean, garbitokiak gero eta gutxiago erabili ziren.
'Arabari buruz' zikloak arkeologiari, historiari, filologiari, arteari eta Arabako ondareari buruzko hitzaldiak programatzen ditu hilero. Jardunaldiotan, Araba sakon aztertu duten aditu onenetako batzuk biltzen dira, beren ikerketen emaitzak publiko orori modu dibulgatzailean eta irekian ezagutarazteko. Ondare Irekia proiektuaren laguntza du zikloak.