Araba

Arabako Garraio Partzuergoa eratzeko prozesua zehazten duen bide-orria onetsi du Arabako Mugikortasun Agintaritzak

Hiru erakundeek garraio publikoarekin duten konpromisoa nabarmendu du Jaurlaritzako ordezkariak
Arabako Garraio Partzuergoa eratzeko prozesua zehazten duen bide-orria onetsi du Arabako Mugikortasun Agintaritzak.
Arabako Garraio Partzuergoa eratzeko prozesua zehazten duen bide-orria onetsi du Arabako Mugikortasun Agintaritzak. / Utzitakoa

Actualizado hace 2 minutos

Arabako Mugikortasun Agintaritzak etorkizuneko Arabako Garraio Partzuergoa eratzeko prozesua zehazten duen bide-orria onartu du astelehen honetan. Lurraldean mugikortasunean eta garraio publikoan eskumena duten administrazioen arteko koordinazioa indartuko duen erakundea eratzeko proiektu estrategikoaren baitako "mugarri berria" da onespena, Gasteizko Udaletik jakinarazi dutenez.

Akordioa Arabako Mugikortasun Agintaritzaren osoko bilkuran hartu da. Agintaritza horren presidentea Gasteizko Udala da gaur egun, eta Eusko Jaurlaritzaren, Arabako Foru Aldundiaren eta Gasteizko Udalaren babesa izan du, hau da, lankidetza organoa osatzen duten hiru erakundeena.

Arabako Garraio Partzuergoak egungo Mugikortasunaren Agintaritzaren bilakaera ekarriko du, eta lurraldeko mugikortasuneko eta garraio publikoko politikak elkarrekin planifikatu, koordinatu eta kudeatzeko tresna iraunkor gisa finkatuko da.

Onartutako bide-orriak partzuergoa egikaritzeko datozen hilabeteetan garatu beharko diren faseak ezarri ditu, eta Arabako Foru Aldundiari atxikita geratuko da. Lehenengo lanak erakundearen egitura juridikoa definituko duten behin betiko estatutuak idaztea eta haren gobernantza eredua diseinatzea izango dira.

Onartutako plangintzak aurreikusten du Arabako Garraio Partzuergoaren eraketa juridikoa 2027ko lehen seihilekoan egingo dela, aurreikusitako izapide administratibo eta instituzionalak amaitu ondoren. Une horretatik aurrera, bide-orrian jasotako jarduera teknikoak, teknologikoak eta antolaketakoak garatzen jarraituko du, pixkanaka, eredu berriaren ezarpena osatu arte.

Partzuergoak aukera emango du hiru administrazioen arteko lankidetza indartzeko, mugikortasunaren plangintza integratua eskaintzeko, operadoreen arteko koordinazioa optimizatzeko eta garraio publikoko sistema eraginkorrago, jasangarriago eta herritarren beharretara egokituagorantz aurrera egiteko.

"BESTE MUGARRI BAT"

Beatriz Artolazabal Arabako Mugikortasun Agintaritzako presidente eta Gasteizko Udaleko Espazio Publikoaren eta Auzoen zinegotziak nabarmendu duenez, "gaur beste mugarri bat lortu dugu lurralde historikorako proiektu estrategiko batean".

"Etorkizuneko Arabako Garraio Partzuergoa errealitate bihurtzeko ibilbide-orria adostu dugu, eta epe batzuk eta helburu komuna partekatu dftugu: herritarrei mugikortasun sistema koordinatuagoa, eraginkorragoa eta hobeto konektatua eskaintzea. Akordio honek erakusten du Eusko Jaurlaritza, Arabako Foru Aldundia eta Gasteizko Udala gai garela ikuspegi komunarekin aurrera egiteko, Arabari garraio publikoaren kudeaketa hobetuko duen tresna egonkorra emateko helburuarekin".

Bestalde, Jon Nogales Arabako Foru Aldundiko Mugikortasun Jasangarriko eta Bide Azpiegituretako diputatuak nabarmendu akordioak aukera emango duela 2027an Arabako Mugikortasun Agintaritza partzuergo gisa eratzeko eta, horrela, Alavabus, Eskualdeko Garraioa, Tuvisa eta Tranbia tarifen integraziorantz aurrera egiteko, foru garraioan ezarritako deskontu progresiboen sistema oinarritzat hartuta". "Integrazio horrek operadoreen arteko ibilgailu-aldaketetan hobariak finkatzeko aukera irekiko du. Kasu batzuetan, gainera, doakoak izango dira aldaketa horiek", gaineratu du.

Azkenik, Miguel Angel Paez Eusko Jaurlaritzako Azpiegitura eta Mugikortasun Jasangarriko sailburuordeak azaldu du onartutako bide-orria "urrats garrantzitsua" dela Arabako tarifa integraziorantz, "Partzuergoa ezinbesteko oinarria baita lurralde horretan Euskadi osoan aurrera egin nahi dugun eredurako, hau da, gazteak babesteko eta garraio publikoa gehien erabiltzen dutenak saritzeko".

Hiru erakundeek garraio publikoarekin duten konpromisoa nabarmendu du Jaurlaritzako ordezkariak, "garraio publikoak gizartea kohesionatzen duelako, eta lan, prestakuntza edo kultura arloko aukerak horiek eskura ez dituztenei gerturatzen dizkietelako".

2026-07-25T17:37:14+02:00
En directo
Onda Vasca En Directo