Arabako Arte Ederren Museoa Emakumea. Familia eta lana izenburuko erakusketa inauguratu du astearte honetan. Arabako egile oso garrantzitsuen 35 pintura ikusi ahal izango dira bertan, hala nola Ignacio Diaz de Olanorenak, Fernando de Amaricarenak eta Pablo Urangarenak. Erakusketa urriaren 19ra dago ikusgai eta lan guztiak Arabako Arte Ederren Museoaren bildumakoak dira.
Ana del Val Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kiroletako diputatuak eta Sara Gonzalez de Aspuru Arabako Arte Ederren Museoaren arduradunak aurkeztu dute erakusketa astearte honetan prentsaren aurrean.
Urteetan zehar osatzen joan den bilduma zabalari esker, Arabako Arte Ederren Museoak "askotariko ikuspegietatik" antolatu du erakusketa. Emakumeen irudikapena izan du xede, familiari eta lanari helduta, emakumeak funtsezkoak izan diren beste arlo batzuk (erlijioa, jaiak, gizartea eta hezkuntza) eta zenbait genero oparo (erretratua eta biluzia) kanpo utzita.
Del Valen hitzetan, Emakumea. Familia eta lana erakusketan ikusgai dauden lanek "beren egileen bidez hitz egiten digute, guztiak gizonak, emakumeek hezkuntzara oro har eta are gehiago hezkuntza artistikora heltzeko zituzten zailtasunen ondorioz".
Emakumeak XIX. eta XX. mendeen artean euskal gizartean betetzen zuen zereginera hurbiltzen gaituzte lanek, bizimodu tradizional eta landatar batetik hiriko eta industrial batera igarotzen ari baitziren.
Bizimodu horiek artista bakoitzaren estilo eta ikuspegi berezitik kontatzen dira, eta 'Emakumea landa eremuan', 'Emakumea eta itsasoa' eta 'Amatasunetik haratago' ataletan azaltzen.
Erakusketan Arabako egile oso garrantzitsuen 35 lan ikus daitezke, besteak beste, Igancio Díaz Olano, Fernando de Amárica eta Pablo Urangarenak, bai eta beste euskal artista batzuenak ere, hala nola Ramon eta Valentin de Zubiaurre, Aurelio Arteta edo Alberto Arruerenak.