Araba

Arabako Aldundiak haur eta gazteentzako Urbanizarte marrazkieta kontakizun lehiaketaren hirugarren edizioa antolatu du

Urbanizartek hiru sari emango ditu modalitate eta kategoria bakoitzeko
Arabako Aldundiak haur eta gazteentzako Urbanizarte marrazkieta kontakizun lehiaketaren hirugarren edizioa antolatu du. / Utzitakoa

Arabako Foru Aldundiak Urbanizarte marrazki eta kontakizun lehiaketaren hirugarren edizioa jarri du martxan, hirigintza eta lurralde antolamendua haur eta gazteei hurbiltzeko eta bizi diren espazioak behatzera, irudikatzera eta haiei buruz hausnartzera animatzeko.

Lurralde Orekaren eta Lurralde Antolamenduaren Sailak antolatu du ekimena, Hirigintzaren Nazioarteko Eguna dela eta, eta aurtengo leloa 'Nire leihotik' izango da, egunerokoan inguruan ditugun kaleak, plazak, parkeak, eraikinak, herriak, auzoak eta bestelako txokoak "jakin-minez eta sormenez begiratzera" gonbidatzeko.

Laura Perez Borinaga Lurralde Oreka eta Lurralde Antolamenduko foru diputatuak azaldu duenez, belaunaldi gazteenek "bizi diren lekuetan arreta jartzea, haietan zer gustatzen zaien pentsatzea eta etorkizunean nolakoak izatea nahi duten irudikatzeko gai izatea" bilatzen da Urbanizarte lehiaketaren bidez.

"Hirigintza ez dira soilik planoak, kaleak edo eraikinak. Gure ingurunean nola bizi garen eta nola harremantzen garen ere bada, eta baita etorkizunerako zer espazio eraiki nahi ditugun ere. Gazteenen begirada ere entzun nahi dugu", adierazi du.

Lehiaketaren hirugarren edizioak galdera erraz bat du abiapuntu: zer ikusten dugu gure leihotik begiratzean, eta zer ikusi nahiko genuke? Hortik abiatuta, parte hartzaileek beren kale, auzo, herri edo hiriaz duten ikuspegia islatu ahal izango dute, baita espazio horiek nola eraldatu daitezkeen irudikatu ere.

Deialdiak bi modalitate ditu: 'Leihoak marraztuko dizkizut' modalitateak koloreen, formen eta trazuen bidez leiho batetik ikusten dena edo ikusi nahiko litzatekeena irudikatzea proposatzen du, eta 'Leihoak idatziko dizkizut' modalitateak, berriz, eguneroko leku eta eszena horiek irudimenez eta sormenez beteriko kontakizun labur bihurtzera gonbidatzen du.

Bi modalitateetan parte hartu ahal izango dute 2015etik 2020ra bitartean jaiotako haurrek eta 2009tik 2014ra bitartean jaiotako gazteek. Marrazkiak eskuz egin beharko dira, edozein teknika erabilita; kontakizunak, berriz, eskuz edo formatu digitalean aurkeztu ahal izango dira, gehienez 500 hitzeko luzerarekin haur kategorian eta 1.000 hitzekoarekin gazte kategorian.

SARIAK

Urbanizartek hiru sari emango ditu modalitate eta kategoria bakoitzeko. Marrazki modalitatean, saridunek marrazketa eta pintura materialez osatutako kitak jasoko dituzte; kontakizun laburren modalitatean, lehen sariak Kindle Scribe bat izango du, eta bigarren eta hirugarren sariek liburu eta idazketa materialez osatutako kitak.

Gainera, parte hartzen duten pertsona guztiek opari bat jasoko dute, eta lan irabazleak Arabako Foru Aldundiaren webgunean eta sare sozialetan zabalduko dira. Parte hartzeko epea urriaren 16ko 13:00ak arte egongo da zabalik. Lanak Arabako Foru Aldundiko Lurralde Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuaren bulegoetan aurkeztu ahal izango dira, Gasteizko Probintzia plaza 5eko 1. solairuan, edo posta elektronikoz bidali hirigintza.urbanismo@araba.eus helbidera, dagokion eskabide inprimakiarekin batera.

08/09/2026