Arabako Foru Aldundiak 279.113 euro bideratuko ditu lurraldeko 44 irabazi asmorik gabeko elkarteren eta erakunderen berdintasun proiektuak babestera. Laguntzen bidez, emakumeen ahalduntzea, indarkeria matxisten prebentzioa, aniztasunaren sustapena eta gizartearen sentsibilizazioa lantzen dituzten ekimenak indartu nahi dira.
Hala, Arabako Foru Aldundiko gobernu kontseiluak irabazi asmorik gabeko elkarte eta erakundeentzako diru laguntza deialdiaren ebazpena onetsi du, emakumeen eta gizonen berdintasunerako jarduerak egin ditzaten, eta, Berdintasun, Euskara eta Gobernantza Saileko foru diputatuak proposatuta, 279.113 euro banatuko ditu lurraldeko 44 elkarte eta erakunderen artean.
Foru erakundearen arabera, emakumeen eta gizonen berdintasun eraginkorrerantz aurrera egiteko duen apustuaren barruan sartzen da deialdia. Diruz lagundutako proiektuek hainbat gai jorratu dituzte, hala nola emakumeen ahalduntzea, indarkeria matxisten prebentzioa, berdintasunezko harremanen sustapena, aniztasuna, gizarte sentsibilizazioa eta berdintasunarekin konprometitutako elkarte sarea indartzea.
Gainera, diruz lagundutako proiektuak LAIA Emakumeen Berdintasunerako eta Jabekuntzarako Arabako Lurralde Sarearen urteko programazioaren parte izango dira; egitura horrek lurraldean berdintasunean aurrera egiteko erakunde publiko zein pribatuek sustatutako ekintzak biltzen eta konektatzen ditu.
Erakunde onuradunen artean daude elkarte feministak eta emakumeen elkarteak, gizarte erakundeak, aniztasunari eta inklusioari lotutako erakundeak eta hezkuntza eremuan lan egiten duten kolektiboak. Era berean, Arabako ikastetxeetako ikasleen gurasoen 18 elkartek berdintasuna sustatzeko garatutako proiektuak ere lagunduko ditu diruz foru erakundeak.