Gasteiz "errugbiaren hiriburua" izango da maiatzean. Hasteko, Araba Rugby Cup txapelketaren 15. aldia jokatuko da maiatzaren 10ean eta 11n Lakua 03ko udal instalazioetan. Maiatzaren 17an, aldiz, Gaztedi Rugby Taldeak ate irekien jardunaldia antolatu du leku berean, errugbian interesa dutenek bertatik bertara ezagutu dezaten, eta, azkenik, errugbiko Euskal Ligako finalak jokatuko dira Gamarra parkean maiatzaren 31n.
Lehiaketen eta jardueren xehetasunak ostegun honetan eman dituzte prentsaurrekoan Ana Lopez de Uralde Gasteizo Udaleko Kirol zinegotziak, Juanjo Rojo Arabako Foru Aldundiko Kirol zuzendariak, Roberto Corres Gaztedi Rugby Taldeko presidenteak, Paco Sarabia Arabako Errugbi Federazioko presidenteak eta Iñaki Rica Euskadiko Errugbi Federazioko presidenteak.
Bada, agerraldian aurreratu dutenez, Gaztedi Rugby Taldeak antolatzen duen Araba Rugby Cup txapelketan 66 taldek hartuko dute parte maiatzaren 10ean eta 11n, Lakua 03ko udal instalazioetan, eta 24 klubetako 6 eta 14 urte bitarteko 1.000 ikasle baino gehiago bilduko dira: Portugaleko bat, Euskadiko bi eta Espainiako 21. 8 urtez azpiko, 10 urtez azpiko, 12 urtez azpiko eta 14 urtez azpiko kategoriak arituko dira lehiaketan.
Gainera, parte hartzaileek eta haien familiek kalejira egingo dute maiatzaren 10eko arratsaldean, Maria Sortzez Garbiaren katedraleko lorategietatik Espainia plazaraino.
Bestalde, errugbia ezagutu nahi duten haurrek Gaztedi Rugby Taldeak antolatutako ate irekien jardunaldian parte hartu ahal izango dute maiatzaren 17an, Lakua 03ko udal instalazioetan.
Azkenik, maiatzaren 31n, errugbi inklusiboaren erakustaldia izango da Gamarra parkeko errugbi zelaian, eta Euskal Errugbi Ligako finalak ere jokatuko dira, 14 urtez azpiko, 16 urtez azpiko eta 18 urtez azpiko kategorietan.