Actualizado hace 11 minutos
Arabako Foru Aldundiak eta Vitoria-Gasteizko Udalak Frantziako bidaia agentziei, bidaia antolatzaileei eta prentsa espezializatuari aurkeztu diete berriki Toulousen egindako ekitaldian lurraldearen eta hiriburuaren turismo eskaintza, bidaiari frantziarrak erakartzeko eta hurbiltasun geografiko, biztanleria, turista tipologia eta gaitasun ekonomikoa direla-eta, oso merkatu estrategikoan hazteko xedearekin.
Aurkezpenean, Liva Ramanitra (Kanijo taberna) eta Juan Manrique (Kotarro jatetxea) sukaldariek bertako produktuarekin in situ egindako pintxoak eta Arabako Errioxako ardoekin eta Aiaraldeko txakoliekin uztartutako dastaketa eskaini da.
Cristina González lehen diputatu nagusiordea eta Enplegu, Merkataritza, Turismo eta Foru Administrazioaren Saileko foru diputatuak eta María Nanclares Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismoko zinegotziak Araba eta Vitoria-Gasteiz destino gisa aurkeztu dizkiete Toulousen hango hogei bat bidaia agentzietako eta bidaia antolatzaile profesionalei; aurretiaz, kazetari espezializatuekin ere izan dute topaketa.
Foru diputatuak, bere mintzaldian, Arabako natura, ondare eta gastronomia eskaintza erakargarria nabarmendu du, parke naturalak, barnealdeko hondartzak, Añanako Gatz Harana, Erdi Aroko gazteluak eta dorreak, hiribildu harresituak, turismo aktiboa, Arabako Errioxako enoturismoa, etab. aipatuz. Eta, batez ere, azpimarratu du Arabak aukera ematen duela "egiazkoa den eta berezko nortasuna duen helmuga bat ezagutzeko, toki lasai bat, non bisitaria turista barik bidaiari sentitzen den".
Merkaturatze plataforma
Gonzálezek nabarmendu duenez, gainera, Toulouseko lan topaketak aukera ematen du "Frantziako bidaia agentziekin eta bidaia antolatzaileekin zuzeneko harremana errazteko, Araba eta Vitoria-Gasteiz beren katalogoan sar ditzaten eta bezeroei eskaini diezazkieten, egonaldi eta esperientzia paketeak merkaturatzeko gure plataforma berriaren bidez". Lan topaketa horrek jarraipena izango du udazkenean, Bordelen egingo den topaketa profesionalean.
Bestalde, María Nanclaresek nabarmendu duenez, "nazioarteko turismoa goraka doa Vitoria-Gasteizen. Frantziako merkatua interesatzen zaigu, destinoaren kalitatea baloratzen duen bisitarien espektatibei erantzuten baitie". Halaber nabarmendu du Vitoria-Gasteiz eta haren ingurunea oso bereziak direla Erdi Aroko Almendra eta Eraztun Berdea direla-eta, eskaintza oso eta anitzaren erakusgarri nagusi bi baitira.
"Oso hiri gutxik eskaintzen dute Vitoria-Gasteizkoa bezain ondo kontserbatutako Erdi Aroko hiriguneaz gozatzeko aukera, eta naturaguneetara minutu gutxian oinez joateko aukera, haietan lasaitu, oinez ibili eta hegaztiak eta oreinak behatu ahal izateko; Frantziako bisitariek, dudarik gabe aukera hauek baloratzen jakingo dute", erantsi du.
2026ko nazioarteko sustapen kanpaina urtearen bigarren zatian osatuko da. Alde batetik, Italiako blogariekin press trip bat antolatu da, Italian Araba natura helmuga gisa ezagutzera emateko. Eta, bestalde, Rio de Janeiroko 2016ko Olinpiar Jokoetan urrea izan zen Greg Van Avermaet txirrindulari belgikarrekiko lankidetzarekin, Araba Belgikako txirrindularientzako helmuga gisa sustatuko da. Bi ekintzek Forondak Bergamorekin (Italia) eta Charleroirekin (Belgika) dituen zuzeneko loturak probestu nahi dituzte.
Horiez gain, Alemanian beste sustapen ekintza bat egingo da, herrialde horretan 2025ean bidaia agentziekin eta hedabideekin garatu zen sustapena indartzeko.
Arabako Foru Aldundia eta Vitoria-Gasteizko Udala pandemiaren ostetik turismoa sustatzeko estrategia bultzatzen ari dira zuzeneko ekintzen bidez eta bide hori oso emaitza positiboak ematen ari da. Europako hainbat merkatu estrategikoetan burutu da, hala nola, Frantzia, Portugal, Italia, Belgika eta Alemanian. Bidaiari atzerritarren sarrera eta gaualdi kopuruak % 35 eta % 66 egin dute gora, hurrenez hurren, Arabako ostatuetan, azken bost urteetan.