Larunbatean Antioko musika zikloaren 43. edizioa hasiko da. Bost kontzertu izango dira: lau Antioko baselizan eta azkena Ezkioko Igartubeiti baserrian. Antiokoak 19.30ean izango dira eta Igartubeitikoa 18.00etan. Doaneko autobusa izango da kontzertuetara joateko. Elizkaletik abiatuko da, lehen lau kontzertuetan 19.00etan eta azkenekoan 17.30ean.
Lehen kontzertua larunbatean izango da. Quatuor Arod hari laukoteak joko du. Laukote honek munduko areto garrantzitsuenetan jo du. Irailaren 12an, berriz, Oñatiko Ganbara Abesbatzaren txanda izango da. Abesbatza hori 1994an osatu zuten. Errepertorio zabala dute. Irailaren 19an Carles Blanch-ek eta Pedro Estevan-ek joko dute. Carlos V.-ren inperioko musika joko dute. Zumarragako kontzertuekin amaitzeko, irailaren 26an Kambrass Quintet Bartzelonako boskoteak joko du.
Azken kontzertua Ezkioko Igartubeiti baserrian izango da, urriaren 3an. Andoni Salamero zumarragarrak, Andoni Egañak, Mixel Ducauk eta Caroline Phillips-ek lagunduta, Baserri minez… ikuskizuna egingo du.
Aurtengo zikloa gaur aurkeztu dute, Antion. Ekitaldian Mikel Serrano alkateak, Goizane Alvarez Kultura diputatuak eta Aitor Biain Oñatiko Ganbara Abesbatzako zuzendariak parte hartu dute.
Serranok Antioko zikloan musikari handiek parte hartu dutela gogoratu du. Ainhoa Arteta, Xabier Lete, Spanish Brass eta Kalakan aipatu ditu. Alvarezek Aldundia musika Gipuzkoako txoko guztietara eramaten saiatzen dela aipatu du. “Izan ere, musikak ateak irekitzen laguntzen du”, azaldu du.
Biainek Antioko zikloan parte hartzea “plazer handia” dela esan du. “Espazio pribilegiatua da. Musika barrokotik garaikidera doazen lanak abestuko ditugu, ahotsaren indarra erakusteko helburuarekin. Abesbatza batek ziklo honetan parte hartzea garrantzitsua da, abesbatzen mundua ez baitago modan”.
Antioko Musika Zikloa Gipuzkoako Foru Aldundiak sortu zuen 1984an, Debako zikloarekin batera, musika kultua deszentralizatzeko eta ingurune berezietara eta publiko berrietara eramateko.
Serranok Antio “altxorra” dela esan du eta musika zikloa, berriz, “erreferentea Euskadi mailan”. Antioko Lagunen Elkarteko kideei eskerrak eman dizkie urte hauetan guztietan eskainitako laguntzagatik.