Larunbatean Aniztasun Jaia ospatuko da Gernikako Arbola plazan, Urretxuko Udalaren eskutik. Festa 10.00etatik 16.00etara egingo da. Egitarauaren barne hiru atal bereizten dira: postu gastronomikoak, ikastaroak eta ikuskizunak.
Postu gastronomikoei dagokionez, aurten karpan egongo dira. Hamabost herrialdetako jakiak dastatu ahal izango dira: Argentina, Bolivia, Kolonbia, Costa Rica, Kuba, Ekuatoreko Ginea, Honduras, Maroko, Mexiko, Herrialde Katalanak, Pakistan, Peru, Sahara, Senegal eta Venezuela.
Horretaz gain, elkarteen eskutik, eskulanak egin eta jokoetan parte hartu ahal izango da. Adinkide elkarteak Harremanak sortuz ekimena egingo du, Alambique Etxeko gazteek Zure izena arabieraz, Aspace elkarteak saskigintza, Gazte Bideanek poltsa diseinua, Gurutze Gorriak haur jokoak, Sua–Annar emakume migratuen taldeak harizko eskulanak, Ekuatoreko Ginea, Senegal eta Marokotik etorritako emakumeek txirikorda ikastaroa, pakistandar eta marokoar emakumeek henna ikastaroa eta Aniztasun eta Bizikidetza Mahaiak aniztasunaren imanak.
Ikuskizunei dagokienez, ondorengoak izango dira: Emanbira elkartearen eskutik perkusio saio irekia eta dantza afrikarrak, Alexandra Nishiguchi Verarekin dantza perutarra, soinu gurpila Senbiziako Saioa Pueblaren gidaritzarekin eta Los Diversos musika taldearen kontzertua. Aniztasun Jaiaren ondoren, 19:00etan, Sorotan Bele taldeko kideek eta Iparragirre Balerdi musika bandakoek kontzertua egingo dute.
Horretaz gain, Aniztasun eta Bizikidetza Mahaian altxor kutxa bat duen metalezko mural bat margotu dute. Bihar aniztasuna irudikatzen duten imanak egingo dituzte eta muralean itsatsi. Jaia amaitzean aniztasunez beteriko altxorra izango dute.
Bestalde, urtero pausoak ematen dituzte jaia geroz eta jasangarriagoa izan dadin. Hori dela eta, plater eta edalontzi berrerabilgarriak erabiliko dituzte eta herritarrei erabili ondoren horretarako egokitutako unean uzteko eskatu diete. Etxera eramateko jakiak erosteko asmoa badute, tupper-a eramateko eskatu diete.