Actualidad

Aldundiak bost milioi euro bideratuko ditu industria-lurzoru berria eskuratzera, eta 1,75 milioi Forondara, 2027an

31,4 milioi euro bideratuko ditu ingurumen-inpaktua murriztera, biodibertsitatea zaintzera eta baliabide naturalak eraginkorrago erabiltzera

Arabako Foru Aldundiko Garapen Ekonomikoaren eta Jasangarritasunaren Sailak 50.453.054 euroko aurrekontua izango du 2027an. Horietatik 18.978.738 euro Garapen Ekonomikoaren Zuzendaritzari dagozkio, eta 31.474.316 euro Natura Ingurunearen Zuzendaritzari, Saray Zárate foru diputatuak Arabako Batzar Nagusietan egindako agerraldian azaldu duenez. Aurrekontuek industria-lurzorua handitzeko eta lehengoratzeko, enpresen lehiakortasuna indartzeko eta lurraldeko jasangarritasun-proiektu nagusiei jarraipena emateko inbertsioak jasotzen dituzte.

Aurrekontu-proiektuaren jarduera nagusietako bat industria-lurzoru berria eskuratzea izango da. Aldundiak bost milioi euroko ekarpena egitea aurreikusten du Arabako Garapen Agentziari, Gamarra-Betoño inguruko eremuetan, besteak beste, lurzorua erosteko, bultzatzen ari den DIN proiektuaren ildotik. Inbertsio horri 2027 eta 2028 artean aurreikusitako 4,1 milioi euro gehituko zaizkio, Arabako Industrialdearen kapitala indartzeko eta industria-pabiloiak erosi eta lehengoratzea sustatzeko.

Aurrekontuek, halaber, Euskadiko Parke Teknologikoaren Vitoria-Gasteizko campusean lurzorua erosteko eta sustapen berriak garatzeko jarduerak jasotzen dituzte, baita Talent House proiektua gauzatzea ere, arlo zientifikoko, enpresarialeko eta ekintzailetzako profesionalentzako aldi baterako ostatua eskaintzeko. Arabako Garapen Agentziak Aiara Industrial Lab ekimenarekin eta industrialdeak mantentzeko lanekin ere jarraituko du.

Konektibitateari dagokionez, Záratek iragarri du 2027an 1.753.170 euroko partida izango dela Forondako aireportua bultzatzen jarraitzeko eta haren kokapen estrategikoa indartzeko. Foru diputatuak lurraldearen lehiakortasuna hobetzeko neurrien artean kokatu du jarduera hori.

Enpresa txiki eta ertainei laguntzea ere lehentasunetako bat izango da. Álava Innova-Descarboniza programak bi milioi euroko hasierako zuzkidura izango du, berrikuntza eta teknologia berrien ezarpena sustatzeko. Era berean, Aldundiak BAIC eta GAIA erakundeekin dituen hitzarmenak indartuko ditu, bakoitzari 60.000 euro bideratuta, Arabako ETEetan adimen artifiziala eta zibersegurtasuna ezartzen laguntzeko.

Trantsizio energetikoaren arloan, sailak, Arabako Merkataritza Ganberarekin batera, ETEak deskarbonizatzeko kluba sustatuko du, eta SEA Arabako Enpresak elkartearekin lankidetzan arituko da enpresen jasangarritasunari buruzko jardunaldiak antolatzeko. Era berean, ENARGI foru-sozietateari egiten dion ekarpenari eutsiko dio, Ekiolak eta energia berriztagarria sortzeko proiektu berriak garatzeko.

Proiektuak nazioartekotzeko eta merkatuak dibertsifikatzeko laguntzen indartzeari eutsiko dio, eta Lanbide Heziketako ikastetxeekin eta unibertsitateekin lankidetza zabalduko du. Aurreikusitako jardueren artean, Egibiderekin 200.000 euroko hitzarmen berri bat dago, arlo eta teknologia estrategikoetan prestakuntza-programak garatzeko, baita Mondragon Unibertsitatearekin lankidetza berri bat ere.

Ekintzailetza sustatzeko, jarduera berriak egingo dira Nexum Araban, GovTech Arabaren hirugarren edizioa garatuko da eta Araban Ekiteko laguntzen beste deialdi bat egingo da. Aldundiak dibertsifikazio ekonomikoan ere lanean jarraituko du, automobilgintzako, biozientzietako, energiako, eraikuntzako, aeronautikako eta kultura- eta sormen-industrietako proiektuen bidez. Ikus-entzunezkoen sektorean, ICC Álava laguntzen beste deialdi bat nabarmendu behar da, 350.000 eurokoa, baita ESCAC zinema-eskolarekin lankidetza ere, lurraldean prestakuntza-jarduerak garatzeko.

Jasangarritasuna

Natura Ingurunearen Zuzendaritzak aurrekontuan jasotako jarduerek 31.474.316 euroko zenbatekoa dute, “Arabak klima- eta jasangarritasun-ikuspegitik dituen erronka nagusiei erantzuteko, eskumena duten administrazio publikoekin lankidetza aktiboan arituz “, foru diputatuak azpimarratu duenez.

Záratek azpimarratu duenez, “ingurumenaren eta ekonomiaren ikuspegitik jasangarriagoa izango den etorkizuna dugu jokoan. Horregatik, gure ur-aztarna murriztea eta sortzen ditugun hondakinen kopurua gutxitzea ezinbesteko eginkizunak dira”. Jarduera-ildo horretan, uraren ziklo integralari dagozkion partidak nabarmentzen dira; 9,3 milioi euro bideratuko dira horretara. Arabako Hornidura eta Saneamendu Planari erantzuten dioten inbertsio eta azpiegitura berriak gauzatzeko eta kudeatzeko ekintzak dira.

Ur-hornidura hobetzeko jardueren artean, Okondoko esku-hartzeak (1.946.900,00 euro) eta Lagrángo biltegia (646.473,04 euro) nabarmentzen dira. Saneamenduari dagokionez, hainbat jarduera aurreikusten dira: Lalastrako HUA (504.742,69 euro), Manzanoseko HUA (milioi bat euro), eta Nerbioi Garaiko saneamendu-sistema martxan jartzea eta kontrolatzea (1,7 milioi euro). Azken horrek Amurrioko eta Laudioko arazketa-beharrei erantzungo die, eta Nerbioi ibaiaren arroaren ingurumen-hobekuntzan eragina izango du.

Urbideri ematen zaion laguntza ere indartuko da, Araban uraren ziklo integralaren kudeaketa mankomunatuan aurrera egiten jarraitzeko. Záratek azaldu duenez, “helburua da lurraldeko toki-erakunde guztiei laguntzeko eta lurralde osoan kalitatezko zerbitzuak bermatzeko gai izango den kudeaketa- eta gobernantza-eredua sendotzea”.

19/11/2026