Gipuzkoa

Agorreko Santikutzak ospatuko dituzte Legazpin

Festak ostiralean hasiko dira eta igandean amaitu
Legazpiko haurrak, kantu afarian. / Legazpiko Udala

Legazpiarrek Agorreko Santikutzak ospatuko dituzte asteburu honetan. Jaiak ostiralean hasiko dira, 13.00etan, Korosting ekitaldiarekin. Legazpiarrak Korostiaga mendira igo eta jaitsiko dira 24 orduz jarraian, txandaka. 24 errelebo egingo dituzte. Parte hartu nahi dutenek legazpitrailagunak@gmail.com helbide elektronikora idatzi behar dute.

Ostiraleko ekitaldiekin jarraituz, 16.30ean bizikleta festa egingo dute Euskal Herria plazan, Telleriarteko Txirrindulari Elkartearen eskutik. 18.00etan jai hasierako sardina jana egingo dute, Lekanazpi elkartearen eskutik. Plazan, pilotalekuaren ondoan, pintxoa eta tragoa eskainiko dituzte 2 euroan, 20.00ak arte. 18.30ean erraldoi eta buruhandi konpartsak kalejira egingo du. 20.00etatik aurrera, berriz, Beñat Gaztelumendi eta Ekhiñe Zapiain bertsolariek Nafarroa kalean abestuko dute. Ekitaldia bertso eskolak antolatu du.

21.30ean kantu afaria egingo dute udaletxe aurrean (eguraldiak lagunduko ez balu, Azokan), Doinua musika eskolaren eskutik. Ogitartekoak, sagardoa eta ura izango dira gerturatzen direnentzat. Ostiraleko ekitaldiekin bukatzeko, 23.30ean Zo-Zongo taldeak Kolpez blai ikuskizuna eskainiko du erdiguneko kaleetan eta txosnagunean kontzertuak izango dira.

Larunbatari dagokionez, 11.00etan sukaldari lehiaketa hasiko da. Azokan egingo dute. 11.30ean erraldoi alardea egingo dute eta 14.00etan sukaldari lehiaketako sariak banatuko dituzte. Erraldoi alardean Legazpiko, Lazkaoko, Pasaiako, Urretxuko eta Tafallako konpartsek parte hartuko dute, dultzaineroek lagunduta.

Arratsaldean ere hainbat ekitaldi izango dira. 17.30ean atletismoko 25. milia hiritarra egingo dute Laubiden, Goierri Garaia atletismo taldeak sustaturik. 18.00etan erraldoi alardea egingo dute. 19.00etan Lleidako Agramunt taldeko Grupo Sardanista Estol taldeak Euskal Herria plazan dantza egingo du, Korosti taldeak gonbidatuta. Larunbateko ekitaldiekin bukatzeko, 23.00etan Gozategi taldeak plazan joko du eta txosnagunean kontzertuak izango dira.

Jaietako azken ekitaldiak igandean izango dira. 9.00etan Batis Goikoetxearen oroimenezko argazki rallyko izen ematea irekiko dute, kultur etxean. 10.00ak arte eman ahal izango da izena. Ordu berean, Goiz Deia taldeko txistulariek diana joko dute. 10.00etan Gipuzkoa mailako bola txapelketa hasiko da. Parte hartu nahi dutenek, 10.00etatik 11.00etara eman beharko dute izena. 10.00etan hamaiketakoa egingo dute Korostiaga mendian eta 10.30ean meza izango da, toki berean.

11.00etatik 14.00etara egurrezko joko erraldoiak eta zirku eskola izango dira plazan. 11.15ean erromeria egingo dute Korostiaga mendian, txistulariekin. 13.00etatik aurrera, Alaitasuna errondailako kideek erdiguneko kaleetan joko dute.

Azken bi ekitaldiak arratsaldean izango dira. 17.30ean Motx pailazoak Oroitzapen ederrak haurrentzako ikuskizuna eskainiko du Euskal Herria plazan. Bukatzeko, 19.00etatik aurrera Legazpiko musika bandak kalejira egingo du erdiguneko kaleetan.

07/09/2026