Gipuzkoa

200 ikertzaile gazte bilduko dira Donostian Ikergazte kongresuaren baitan

Maiatzaren 17, 18 eta 19 an ospatuko da kongresua lehen aldiz Donostian
200 ikertzaile gazte bilduko dira Donostian Ikergazte kongresuaren baitan
Escuchar
00:55

Bi urtean behin ospatzen da Ikergazte Kongresua eta aurtengoan lehen aldiz gauzatuko da Donostian. Maiatzaren 17tik 19ra bitartean egingo da Kursaalean eta bertan 200 ikertzailek parte hartuko dute, zifra errekorra aurreko urteekin alderatuz gero.

Ikergazte 2015. urtean jaio zen eta lehengo bilkura horretan argi geratu zen horrelako foro baten beharra. Horrexegatik, urte hauetan zehar, kongresua ikertzaile gazten erakusleiho izan nahi du, elkar ezagutzea eta euskarazko produkzio zientifikoa areagotzeko. Aitor Bengoetxeak, UEUko zuzendariak ekimenaren izaera azpimarratu du eta aurtengo edizioaren arrakastan konfiantza handia duela adierazi du "bosgarren edizio honetan ziur gaude helburuak beteko ditugula, izan ere, dagoeneko gune erreferentziala bilakatu da ikertzaile euskaldunentzat, eta arrakasta horren atzean dago Euskal Herriko unibertsitate guztiekin eta erakunde desberdinekin egiten ari garen bide oparoa".

esan bezala, bi urte igarotzen dira edizio batetik bestera eta, horrenbestez, Ikergaztek ere balio du ezagutzeko zeintzuk diren modan dauden ikerketa-gaiak, horiek horrela, Olatz Arbelaizek, kongresuko zuzendariak, aurtengo jakintza alorrak izendatu ditu eta pozez adierazi du inoiz baino lan gehiago jaso dituztela "aurten sekula baino ekarpen gehiago jaso dugu, 170, eta gainbegiratze-prozesua gainditu duten 155 lan aurkeztuko dira kongresuan: 52 ahozko aurkezpen, 72 mikroaurkezpen eta 31 poster".

Jakintza-alor bakoitzeko lanik onenari saria emango zaio kongresuaren azken egunean, Donostiako Udalaren eskutik. Era berean, sari berezi bat ere egongo da, Udalbiltzak emango duena, Euskal Herriko garapenean eragin handiena izango duen ikerketa aintzat hartuko duena.

Errekorrak ez ezik, berrikuntzak ere izango dira aurten: BadaLabekin elkarlanean proiektua jarriko dute martxan. Arbelaitzek adierazi bezala, "proiektu honen muina ikertzaile euskaldun gazteen arteko harremanak sendotzea izango da. Kongresua topagune izatetik, elkarlanerako esparru bat izatea ahalbidetuz, ikerketarako esparru berriak irekitzea bultzatu nahi du, lan alor eta bide berriak zabalduz".

Ikerketa proiektuen deialdia ikertzaile gazteei bideratuta egongo da eta proiektuak proposatzeko epea irailera arte zabalik egongo da. Ikerketa proiektuak diziplina artekoak izango dira. Ikertzaile talde irabazleak proiektua garatzeko 18 hilabeteko epea izango du, 2023ko urritik, 2025eko martxora arte. eta Ikergazteko hurrengo kongresuan aurkeztuko dute.

2023-04-24T12:04:39+02:00
En directo
Onda Vasca En Directo