Bizkaia

Zornotzako 10 gaztek Baso Magikoan lan egingo dute

Udalak gabonetarako gazteen enplegu poltsaren bidez kontratutako ditu
Gazteak gabonetako baso magikoan lan egingo dute / Alain Salterain

Udalak gazteen enpleguaren aldeko apustua indartzen jarraituko du, Zornotzako hamar gazte kontratatuz Amorebieta-Etxanoko Olentzeroren Baso Magikoa Gabonetako parkean lan egiteko. Parkea Jauregibarrian jarriko da eta azaroaren 30ean irekiko ditu ateak. Aukeraketa Udalak sustatutako Gazteen Enplegu Poltsaren bidez egingo da. Ekimen horren helburua herriko gazteei lehen lan-esperientziak izateko aukera ematea eta lan-aukera berriak eskaintzea da.

Horrela, Gabonetako parke berriak jaietan familientzako aisialdi-eskaintza berezia izateaz gain, herriko gazteentzako lan-aukerak sortzen ere lagunduko du. Kontratatutako hamar gazteek parkearen funtzionamenduarekin lotutako hainbat zeregin izango dituzte: bi pertsona txarteldegian arituko dira, hiru sarrerak kontrolatzen, beste bi ilaretan informazioa eta laguntza eskaintzen, eta gainerako hirurak parkearen barruan pertsonen joan-etorria kontrolatzen. Parkea 2027ko urtarrilaren 6ra arte egongo da zabalik.

Ekimen hau Udalak gazteei lan-merkatuan sartzen laguntzeko egiten duen lanaren barruan kokatzen da. Gazteen Enplegu Poltsaren bidez, gazteek lan-esperientzia eskuratzea, trebetasunak garatzea eta lan-mundua gertutik ezagutzea sustatu nahi du Udalak, Amorebieta-Etxanon antolatzen diren jarduera eta ekitaldietan parte hartzeko aukera eskainiz.

Lan-munduan lehen urratsak

Iaz martxan jarritako Gazteen Enplegu Poltsak udalerriko hainbat ekitalditan sortzen diren langile-beharrak eta gazteen lehen lan-esperientziak izateko interesa uztartzeko aukera ematen du.

Sortu zenetik, ekimen honi esker 60 gaztek baino gehiagok lan-esperientzia izan dute udalerriko hainbat jardueratan parte hartuz. Gabonetako parkean hamar gazte kontratatzea beste urrats bat izango da lan-ildo horri jarraipena emateko.

Ildo horretan, Amorebieta-Etxanoko alkate Ainhoa Salterainek gazteei aukerak eskaintzen jarraitzearen garrantzia azpimarratu du: «Gure gazteek lanean hasteko, esperientzia eskuratzeko eta lan-munduan lehen urratsak emateko aukerak izatea nahi dugu, horretarako herritik kanpora joan beharrik izan gabe. Gazteen Enplegu Poltsari esker, Amorebieta-Etxanon antolatzen ditugun jarduerak baliatu ditzakegu aukera horiek sortzeko. Orain, Gabonetako parkearekin, hamar gaztek gure herriarentzat berezia den proiektu batean parte hartzeko eta beren lan-ibilbidean esperientzia berri bat gehitzeko aukera izango dute».

Enplegu-poltsa

Kontratazio berri hauek direla eta, Udalak gogorarazi du Gazteen Enplegu Poltsa 16 eta 24 urte bitarteko zornotzar gazteei zuzenduta dagoela, eta oraindik izena eman ez dutenei bertan parte hartzeko deia egin die.

Era berean, dagoeneko izena emanda dutenek curriculuma eguneratu badute, prestakuntza berria jaso badute edo lan-esperientzia gehiago eskuratu badute, formularioa berriro bete dezakete informazio hori gehitzeko. Horrela, beren profila eguneratuta izango dute hurrengo hautaketa-prozesuetarako.

Interesa dutenek bi izapideak egin ditzakete izena emateko formularioaren bidez.

Ekimen honen bidez, Udalak berretsi egiten du prestatu, lan egin eta etorkizuna eraiki nahi duten gazteekiko konpromisoa, haien enplegagarritasuna hobetzeko eta Amorebieta-Etxanon aukera berriak sortzeko tresnak sustatuz.

Etiquetas
25/10/2026