Martxoaren 26an abiatuko da Azkoitian aurtengo Geure Gelatik Liburu Azoka, Yolanda Arrieta eta Miren Agur Meabe idazleei egingo zaien aitortza ekitaldiarekin.
Emakumeen presenzia literaturan
Azoka Azkoitiko Udalak eta Maxixatzen Euskara Elkarteak elkarlanean antolatu dute, emakume idazleen lana eta sormena ikusgarri egiteko helburuarekin.
Ostegun arratsaldetik larunbat eguerdira bitartean, hainbat idazlek euren liburuak aurkeztuko dituzte, eta bertaratzen direnek liburuak erosteko aukera ere izango dute.
Mertxe Zubillaga Berdintasun zinegotziaren hitzetan, ekimenak emakumeen presentzia literaturan indartzen laguntzen du, eta urtez urte sendotzen ari da.
Omenaldia
Egitarauari dagokionez, martxoaren 26an, 18.00etan irekiko da azoka, eta bi idazleei omenaldia egin ostean, 19.00etan, beste idazle handi batek hartuko du protagonismoa oholtzan.
Arantxa Urretabizkaiak “Zahartzaroaren maparen bila” liburua aurkeztuko du, Julen Garatek lagunduta.
Urretabizkaia 2022an omendua izan zen Geure Gelatik azokan.
Bigarren eguna
Hurrengo egunean, 18.00etatik aurrera, Katixa Agirrek “Barne zerbitzuak” liburua aurkeztuko du Irene Elortzaren laguntzarekin.
Ondoren, Edurne Lazkanoren “Terraza debekatua” lanaren txanda izango da eta, azkenik, Han Kang idazle korearraren “Barazkijalea” liburua euskaratu duen Gema Lopez Las Herasek lanaren nondik norakoen berri emango du.
Onintza Enbeita eta "2 minutu" lehiaketa
Azoka larunbatean amaituko da. Onintza Enbeita izango da gonbidatu nagusia. 11.00etan, Josune Herrarte lagun, “Bizitza baten txatalak” izango du hizpide autoreak.
12.00etan, “2 minutu” lehiaketako saridunen lanen irakurketa egingo da, azokari itxiera eman aurretik.