Gipuzkoa

Usurbilgo Arrobitxulo proiektua Europan saritua izan da

Gazte taldeen elkarguneak NEB Boost for Small Municipalities saria jaso du
Arrobitxulo elkargunearen proiektua. / N.G.

Usurbilgo Arrobitxulo Bruselan urriaren 15ean eta 16an egindako sariketan sarituen zerrendan sartzea lortu du. Jon Mikel Azpiazu Gazteria eta Kultura zinegotziak jaso zuen saria, eta proiektua bultzatu duten herriko kultur eta gazte eragileen lana nabarmendu zuen.

Arrobitxulo Usurbilgo kultur elkargunea sortzeko proiektua da, herriko kultur eta gazte eragileek elkarlanean sustatua. Etorkizuneko espazioak herriko eragileen arteko lankidetza eta herritarren arteko harremanak indartzea izango ditu helburu, baita kultur eta aisialdiko eskaintza zabala eskaintzea, belaunaldien arteko transmisioa sustatzea eta herriko sortzaileen lana ezagutaraztea ere. Sorkuntzarako, prestakuntzarako eta jakintzak partekatzeko gunea izatea ere aurreikusten da.

Usurbilgo Udaleko ordezkariak. N.G.

Proiektuaren izaera komunitarioa nabarmendu zuen Azpiazuk saria jasotzean. Haren hitzetan, Arrobitxulok herritarren arteko topaketa, ezagutza eta elkarlana ahalbidetuko ditu, euskal kulturaren transmisioa bultzatzearekin batera. "Gero eta indibidualagoa den gizarte joera higatzeko ahalegina da", adierazi zuen. Zinegotziak, halaber, proiektua abiatu, bultzatu eta ekarpenak egin dituzten guztiei eskerrak eman zizkien: "Sari hau Arrobitxulo proiektua abiatu, bultzatu eta ekarpenak egin dituzten guztien lanari esker izan da: zuena da sari hau!".

New European Bauhaus

NEB Boost for Small Municipalities sariketak 20.000 biztanlez azpiko udalerrietako proiektuak saritzen ditu, hasierako fasean izan ditzaketen oztopoak gainditzen laguntzeko eta ekimenei bultzada emateko. Proiektuek New European Bauhaus ekimenaren balioekin eta lan-printzipioekin bat egin behar dute. Europako hainbat herrialdetako ekimenek parte hartu zuten deialdian, eta Arrobitxulo puntuaziorik altuena lortu zuten 30 proiektuen artean sailkatu zen. Bruselako sariketan, gainera, sarituen zerrendan sartzea lortu du.

Europako Batzordeak 2021ean jarri zuen martxan New European Bauhaus (NEB) ekimena, eta udalerri txikiei zuzendutako NEB Boost for Small Municipalities deialdia iaz egin zuen lehen aldiz. Ekimenak hiru balio nagusi ditu: iraunkortasuna, ingurumenaren babesa eta baliabideen erabilera arduratsua sustatzeko; inklusibotasuna, aniztasuna eta irisgarritasuna bermatzeko; eta edertasuna eta kalitatea pertsonen ongizatearen zerbitzura jartzea. Lan-printzipioen artean, berriz, partaidetza, komunitatearen inplikazioa eta diziplinartekotasuna daude. Arrobitxuloren aitortzak Usurbilgo eragileek elkarlanean garatutako proiektuaren komunitate- eta kultura-izaera nabarmendu du.

Etiquetas
20/10/2026