Gipuzkoa

Urretxuko Aterpe gizarte zentroak egoitza berria du

Jubilatuak eguneko zentroko eraikinetik Gazte Bidean zegoen tokira lekualdatu dira
Aterpeko erabiltzaileak. / Asier Zaldua

Urretxuko Udalak Aterpe gizarte zentro berria aurkeztu du. Aterpe eguneko zentroaren eraikinean egon da orain arte eta Iparragirre plazara eraman dute, Gazte Bidean zegoen tokira. Aterpe jubilatuen elkartearen urteko batzarra baliatuta, modu ofizialean eman zaio ezagutzera herriari.

Aurkezpen ekitaldian Jon Luqui Urretxuko alkateak, Igor Zubillaga Obretako zinegotziak eta Almudena Carrillo Udaleko Gizarte Ongizate saileko buruak parte hartu dute. Marisa Roman ere bertan izan da. Roman Aterpeko jardueren antolaketaz arduratzen da.

Ekitaldia Santiago Puertas omentzeko baliatu dute. Puertas Aterpeko zuzendaritza batzordeko lehendakaria izan da urte luzetan eta kargua utzi du. Alkateak publikoki eskertu nahi izan dio bere dedikazioa eta konpromisoa, 20 urte baino gehiagotan zehar makina bat jarduera sustatu eta antolatu baititu herriko adinekoentzat. Ekitaldian zentroko hainbat erabiltzailek ere hitza hartu dute. Beraien esperientzia eta balorazioa bertan bildutako guztiekin partekatu dituzte.

Lokala berria da, baina elkarteak urte asko ditu. Mende erdi ia. Urretxuko jubilatuen elkartea 1978an sortu zen. Ordutik hona, Aterpe adinekoen ongizatea eta bizitza soziala sustatzeko topagune izan da. Horretarako, jarduera ludikoak eta kulturalak, jaiak eta ekitaldi gastronomikoak antolatu dituzte.

Lokala lekuz aldatu eta egokitzearekin batera, Aterpek beste pauso bat eman du. Helburua gaur egungo beharretara moldatzea da, bere izaera irekia, hurbila eta komunitarioa galdu gabe. Esku hartze hau Udalak 2023-2027 agintaldirako definitutako estrategiaren barruan kokatzen da, pertsonen ongizatea, kohesio soziala eta zaintzen indartzea ardatz dituen herri eredu baten baitan.

Espazioa egokitzeko, Urretxuko Udalak 36.115,82 euroko inbertsioa egin du. Funtzionaltasuna, irisgarritasuna eta erosotasuna hobetzea izan da helburua. Aurkezpenean, obraren berri emateaz gain, erabileraz eta bertan antolatzen diren jarduerez hitz egin da. Eskaintza hobetu dute eta antolatu dituzten jarduerak aurkeztu dituzte.

Goizetan digitalizazio ikastaroa, yoga, gorputz ariketa, memoria saioak eta ongizate saioak egiten dituzte. Arratsaldetan, berriz, aisialdiko jarduerak eskaintzen dira: karta jokoak eta bingoa, besteak beste.

Gaur egun, 158 lagunek parte hartzen dute modu erregularrean Aterpe zentroan antolatzen diren jardueretan, Urretxuko Udalaren eta erabiltzaileen arteko lankidetzari esker. Gogobetetze maila altua dela esan zuten erabiltzaileek: Aterpen ikasi egiten dute, harremanak sendotzen dituzte eta, ondorioz, bizi kalitatea hobetzen dute; gaitasun kognitiboak, motorrak eta sozialak lantzen dituztelako.

Gainera, Aterpe Urretxuko zaintza ekosistemaren parte da. “Komunitatean oinarritutako arreta eredua indartzen laguntzen du: pertsonen arteko harremanak sustatu, bakardade ez hautatua prebenitu eta ongizate integrala bultzatzen du”, esan du alkateak.

05/05/2026