Gipuzkoa

Urola Garaian ekitaldi ugari antolatu dira Martxoaren 8aren inguruan

Gaur 'La furia' pelikula emango dute Zumarragako Zelai Arizti aretoan
Urretxu eta Zumarragako iazko elkarretaratzea. / Asier Zaldua

Urola Garaia eskualdean ere makina bat ekitaldi antolatu dute Martxoaren 8aren inguruan.

Asteartean Indarkeria matxista: legeen eguneraketa hitzaldia egin zuten Legazpiko kultur etxean, Legazpiko Asanblada Feministak eta Urola Garaiko Berdintasun arloak antolatuta.

Asteazkenean, berriz, La furia pelikula emango dute Zumarragako Zelai Arizti aretoan. Emanaldia 20.00etan hasiko da. Pelikula honetako protagonista bortxaketa bat pairatu duen emakume bat da. Emanaldia ButaK 21 zineklubak eta Urola Garaiko Berdintasun arloak antolatu dute.

Ostiralean eguzki-lainoen hausnarketa egingo dute Legazpin, Olamendi ikastetxeak bultzatuta. Larunbaterako, berriz, zaintza lanei buruzko kafe-tertulia antolatu du Legazpiko Asanblada Feministak. Urola Garaiko Emakumeen Etxeko Legazpiko lokalean (Saturnino Telleria, 1) elkartuko dira, 12.00etan.

Ekitaldi nagusiak larunbatean izango dira, noski: Emakumeen Nazioarteko Egunean. Eskualdeko lau herrietan antolatu dituzte ekitaldiak.

Ezkio-Itsasori dagokionez, 12.00etan elkartuko dira Santa Lutzi auzoko Topa tabernan. Herriko emakumeek kalejira egingo dute eta ondoren, 13.30ean, Ezkioko udaletxearen aurrean argazkia aterako dute eta kanta abestuko dute. Bukatzeko, 14.00etan bazkaria egingo dute.

Legazpin bi ekitaldi antolatu dituzte larunbaterako: bisita turistikoa eta elkarretaratzea. Bisita turistikoaren izenburua Emakumeak fabriketan eta etxeetan XIX. mendean da. 10.45etik 12.15era egingo dute, Chillida Lantokiko Fabrika gunean. Ekitaldi hau Legazpiko Lenbur fundazioak eta Urola Garaiko Turismo arloak antolatu dute.

Kontzentrazioari dagokionez, 12.30ean egingo dute Euskal Herria plazan. Legazpiko Asanblada Feministak deitu du.

Urola Garaiko Koordinadora Feministak, berriz, podcast grabaketa eta elkarretaratzea antolatu ditu. Bi ekitaldi horiek Urretxu eta Zumarragako Areizaga-Kalebarren plazan izango dira. Podcast-a 11.30ean egingo dute, eskualdeko emakume sortzaileekin. Elkarretaratzea, berriz, 12.30ean izango da. Bukatzeko, emakumeek bermuta hartuko dute.

Larunbaterako antolatu dituzten ekitaldiekin bukatzeko, Zumarragan emakumeen binakako txapelketako partida jokatuko da. 12.00etan izango da, Beloki pilotalekuan. Pilota jaialdia Ados Pilota Elkarteak eta Zumarragako Udalak antolatu dute. Mujikak eta Larramendik, Aranburu eta Mendibururen aurka jokatuko dute. Sarrerak 5 euro balio du. Udalak herritar guztiak pilota partidaz gozatzera animatu ditu.

Azken ekitaldia martxoaren 13an izango da, Ezkion. Gaua pelikula emango dute eta ondoren XVII. mendeko sorgin ehizari buruz hitz egingo dute. Ekitaldian Paul eta Izaskun Urkijok parte hartuko dute. Paul pelikulako zuzendaria da eta Izaskun arte zuzendaria. Ekitaldia Igartubeiti baserrian izango da, 18.00etan. Emanaldia eta solasaldia Igartubeiti baserri museoak antolatu ditu.

04/03/2026