Araba

URAk ia 1,2 milioi euro inbertituko ditu Legutioko saneamendu sarean bereizketa lanak egiteko

Obrek 1.182.801,31 euroko balioa dute (BEZ barne), eta URAk finantzatu eta zuzenduko ditu teknikoki
URAk ia 1,2 milioi euro inbertituko ditu Legutioko saneamendu sarean bereizketa lanak egiteko.
URAk ia 1,2 milioi euro inbertituko ditu Legutioko saneamendu sarean bereizketa lanak egiteko. / Utzitakoa

Actualizado hace 5 minutos

URA Uraren Euskal Agentziak eta Legutioko Administrazio Batzarrak lankidetza hitzarmen bat sinatu dute Arabako udalerriko saneamendu sarean bereizketa proiektua gauzatzeko, "funtsezkoa" baita saneamendu sistemaren funtzionamendua hobetzeko eta gainezkatzeak eta ibilgu naturalera isurketak murrizteko. URAk finantzatu eta zuzenduko ditu teknikoki ia 1,2 milioi euroko (BEZ barne) balioa duten obrak.

URAk jakinarazi duenez, Legutiok saneamendu sare bat du, Goiaingo araztegira hondakin urak eramaten dituzten kolektore unitario eta bereiziz osatua. Baldintza normaletan, behar bezala funtzionatzen dute kolektore horiek, baina prezipitazio handiak gertatzen direnean, hiriguneko tarte unitarioek ez dute jasotzen duten ur bolumenari eusteko gaitasun nahikorik.

Sare bateratu batean, etxeko hondakin urak eta euri urak eroanbide berean nahasten dira. Horrek esan nahi du euri asko egiten duenean, emaria bat-batean handitzen dela eta udalerriko hainbat puntutan gainezkatzeak eragiten dituela. Gertakari horiek eguneroko bizitzan eragozpenak eragiteaz gain -usain txarrak, uholde puntualak, trafikoari eta etxebizitza baxuei eragiten diete-, ibilgu naturalean ere isurketa desegokiak sorrarazten dituzte.

Erasan horiek arintzeko, hitzarmenak aukera emango du sei jarduketa eremutan obrak egiteko, hirigunean zein Zabalaingo penintsulan, Zabalaingo ponpaketa estaziora eta, azken batean, hondakin uren araztegira iristen den euri uren bolumena murrizteko. Obrek 1.182.801,31 euroko balioa dute (BEZ barne), eta URAk finantzatu eta zuzenduko ditu teknikoki.

Hitzarmenean jasotako konpromisoen artean, URA arduratuko da obrak kontratatzeaz, zuzentzeaz, ikuskatzeaz eta finantzatzeaz; Legutioko Administrazio Batzarrak, berriz, beharrezkoak diren lursailak jarriko ditu eskura, eta obrak amaitutakoan bere titulartasunpekoak izango diren azpiegiturak kudeatu eta mantenduko ditu. Hitzarmenak lau urteko indarraldia izango du hasieran, eta luzatu ahal izango da, alderdiek hala adosten badute.

Jarduketa horrekin, URAk eta Legutioko Administrazio Batzarrak udalerriko azpiegitura hidraulikoak hobetzeko, tokiko saneamendu sistemak behar bezala funtzionatzeko eta lurraldeko ur masak babesteko konpromisoa indartu dute.

2026-03-19T19:00:51+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo