Araba

Saltoki, profesional eta zerbitzuentzako salbuespenak asteartean amaituko dira Gasteizko emisio gutxiko eremuan

"Irailaren 15ean, hasieratik ezarri genuen aldi iragankorretako bat amaituko da"
Saltoki, profesional eta zerbitzuentzako salbuespenak asteartean amaituko dira Gasteizko emisio gutxiko eremuan. / Utzitakoa

Gasteizko emisio gutxiko eremua funtzionamenduan jarri zenetik urtebete igaroko da asteartean, irailaren 15ean, eta, horrela, ordenantzan kolektibo eta kasu jakin batzuetarako ezarritako urtebeteko trantsizio aldia bukatuko da. Egun horretatik aurrera, aldi baterako salbuespen horien onuradun izan diren ingurumen bereizgarririk gabeko ibilgailuek emisio gutxiko eremura sartzeko ezarritako baldintza orokorrak bete beharko dituzte.

Zehazkiago, Gasteizko UdaletIk jakinarazi dutenez, emisio gutxiko eremuaren barruan dauden merkataritza eta zerbitzu establezimenduentzat, gremioetako eta banatzaileen profesionalentzat eta eremuaren barruan dauden aparkaleku pribatuetara sartzen diren ibilgailuentzat aurreikusitako aldi baterako salbuespenak amaituko dira. Ordenantzak urtebeteko tartea eman zien kolektibo horiei 2025eko irailaren 15ean eremua indarrean jarri zenetik, araudi berrira pixkanaka egokitzea errazteko.

Beatriz Artolazabal Espazio Publikoaren eta Auzoen zinegotziak azaldu duenez, "aldi baterako salbuespen horiek zuzenean eragindako kolektiboen egokitzapena errazteko sartu ziren. Hasieratik nahi izan genuen emisio gutxiko eremuaren ezarpena mailakatua izatea, erregulazio berrira egokitzeko denbora eta informazio nahikoa emanez. Urtebeteko aldi hori orain amaituko da, emisio gutxiko eremua abian jarri zenetik aurreikusita zegoen bezala".

Udalak gogorarazi du aldi hori amaitzeak ez diela eragiten emisio gutxiko eremuaren barruan bizi diren pertsonei, bi urteko luzamendua ezarri baitzitzaien. Beraz, egoiliarrek 2027ko irailera arte jarraitu ahal izango dute beren ibilgailuekin sartzen, ingurumen bereizgarririk gabe. Egoiliarrentzako luzamendu espezifiko hori 2025eko irailean eremua abian jartzean jaso zen.

Muga-egun horrek ere ez die eragingo ordenantzan jasotako gainerako salbuespenei. Horien artean daude mugikortasun urria edo mugikortasun txikia duten pertsonei, errenta maila txikiei, erretirotik gertu dauden profesionalei, aparkaleku plazen titular edo errentariei, ibilgailu historikoei, larrialdi zerbitzuei eta funtsezko beste zerbitzu publiko batzuei lotutako kasuak.

"Irailaren 15ean, hasieratik ezarri genuen aldi iragankorretako bat amaituko da. Egoiliarrek luzamenduari eutsiko diote eta ordenantzan aurrez ikusitako gainerako salbuespenak normaltasunez aplikatzen jarraituko dute", azaldu du Artolazabalek.

19/09/2026