Euskalmet euskal meteorologia agentziaren iragarpenaren arabera, ostegun honetan, otsailaren 26an, oskarbi egongo da eta tenperaturan ez da gorabehera handirik izango. Hegoaldeko haizea suabe ibiliko da, eta baliteke itsasertzean eguerdi inguruan brisa sartzea. Egunsentian behe-lainoa sortuko da eta gainerakoan zeruan hauts-gandu hondarrak izan ditzakegu egun osoan.
Eguraldi egonkor eta beroa
Tenperatura maximoen balioak altuak izango dira urte sasoi honetarako. Hiriburuetan, Baionan 8 gradu espero dira gutxienez eta 24 gehienez, Bilbon 12 gutxienez eta 24 gehienez, Donostian 9 gutxienez eta 24 gehienez, Gasteizen 1 gutxienez eta 21 gehienez eta Iruñean 5 gutxienez eta 19 gehienez.
Hala, eta ildo horretatik jarraituz, Euskalmetetik prentsa ohar baten bitartez azpimarratu duten bezala, itsasbazterrean hego-osagaiko haizea ibiliko da 3ko indarrarekin, eta eguerdi inguruan eta arratsaldean eki/ipar-ekialdera egin dezake; itsaso kizkurra eragingo du, eta eguerdian eta arratsaldean baliteke itsaskirriko guneak izatea. Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 1,5 metro inguruko olatuak altxatuko ditu, eta goizean metro bateko ingurukoak izango dira. Itsasgora 12:23an izango da, eta itsasbehereak 05:41ean eta 18:17an. Uraren tenperatura 12 gradukoa da eta ikuspena hamar kilometrotik gorakoa izango da, ondorioztatu dute.
"Goizean lanbroa eta lainoa agertuko dira. Hauts-gandua izan daiteke. Zerua hodei gutxirekin edo oskarbi egongo da. Hego osagaiko haizea ahul-bizi ibiliko da, bolada gogor batzuekin haizeguneetan; arratsaldean kostaldean baliteke brisa altxatzea. Tenperatura minimoak gutxi edo nahikoa jaitsiko dira kostaldean eta aldaketarik ez gainerako lekuetan. Tenperatura maximoak gutxi jaitsiko dira kostaldean eta aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko dira gainerako lekuetan. Baliteke Arabako leku batzuetan izotz txikia egitea".