Actualizado hace 7 minutos
Aurtengo Gabonetan ere egitarau oparoa izango da Ondarroan, urtero bezala herriko taldeen, eragileen eta Udalaren elkarlanari esker. Musika, azokak, kirola, hitzaldiak, antzerkiak, dantza emanaldiak, pailazoak, ‘Kalian gora maria behera’ literatur ibilbidea eta erakusketak izango dira besteak beste, eta herritarrek badute zertaz gozatu datozen asteotan.
Adin guztietarako jarduerak aurreikusi dira: txikientzako ikuskizunetatik hasi eta nagusientzako hitzaldi, antzerki eta erakusketetaraino. Jarduera gehienak doakoak izango dira, pare bat salbuespenekin, horrela Porrotx, Marimotots, Pupu eta Loreren pailazo ikuskizunak 6 euro balioko du, eta umeentzako Arrainak bihotzean antzerkirako sarrerak 10 euro izango dira.
Bestalde, herriko artisten presentzia funtsezkoa izango da aurten ere. Udalaren kultur sailak tokiko talde eta sortzaileekin osatu du egitaraua, eta hainbat izen nabarmenduko dira oholtzan: Ugaitz Alegriak Destiny Driver antzerkian parte hartuko du eta ’Ondarrutar Naturala’ lehiaketa aurkeztuko du; Nerea Gartziak eta Ainhoa Etxebarriak Hil da jainkosa lanaren bi pase eskainiko dituzte Kofradia Zaharrean; eta Gartziak, gainera, Miña terra biak saioa gidatuko du Galiza Etxeko umeen egunean. Eta literatura arloan, Leire Bilbao eta Mikel Etxabururen ibilbideak ezagutzeko aukera izango da, eta Pedro Lasarte ‘Toxu’ artistak egurrezko eskulturen erakusketa inauguratuko du.
Leire Bilbaoren lanei lotutako bi ikuskizun ere programan daude: Porrotx eta lagunen Zerua lapurtu dute eta umeentzako Arrainak bihotzean antzezlana.
Sarrerei buruzko informazio zehatza datozen egunetan jakinaraziko du Udalak. Momentuz, baieztatuta dago Destiny Driver eta Hil da jainkosa antzerkien bina pase egingo direla Kofradia Zaharrean. Ion Iñaki Artetxe kultura zinegotziak azaldu zuenez, “bi solairuak hartuko dituzte antzerkiekin, bakoitzean bana. 18.30ean eskainiko dira lehenengo eta 20.00etan berriro ere errepikatuko dira”. Helburua da ahalik eta jende gehienak herriko artistak oholtzan ikustea, eta formatu txikiko lanak direnez, Kofradia Zaharra da egokiena.
Egitarauaren zabaltasuna eta herriko sormenaren presentziaere nabarmendu zituen Udalak, eta adierazi zuen Gabonak ez direla soilik kontsumorako edo aisialdirako garai bat, baizik eta komunitatea sendotzeko, auzo-harremanak sustatzeko eta herriaren kultur identitatea indartzeko aukera paregabea.